ATZEKOZ AURRERA. Miren Agote. Abeslaria

«Musika asko maite dut, eta musika asko ditut nire baitan»

Diskoa ontzen ari da Miren, baina haren abestiek milaka erreprodukzio dituzte jada sare sozialetan. Donostiarraren lo-fi eta hip-hop doinuak goratu dituzte adituek. «Ez dut presarik», esan du hark.

BERRIA.
enekoitz telleria sarriegi
2021eko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Bartzelonan bizi da Miren Agote Miren donostiarra (Bilbo, 1999). Komunikabide batean eman duen lehen elkarrizketa dela dio telefonoz bestaldera, urduritasun xalo batekin. Behin hasita, ordea, borborka datozkio hitzak eta doinuak. Adituek haren jardun goiztiarra goratu dute: sei abesti dauzka sarean emanak, eta 700.000 erreprodukzio dituzte Spotify plataforman. Mundu intimo bat, haren erara emana, haren erara ikasitakoarekin.

Nondik nora hasi zara honetan?

Musika beti sentitu izan dut oso hurbileko eta intentsitate handiz. Aparteko mundu bat izan da niretzat, eta neure buruarekin oso ongi konpondu izan naiz mundu horretan, jendearekin hizketan baino hobeto ere bai, askotan.

Gitarra batek du errua?

Nire bizitzan une zail horietako bat tokatu zitzaidan. Akordatu nintzen aitak bazuela gitarra bat sotoan, erabiltzen ez zuena; bila joan nintzen, hartu nuen, eta han hasi nintzen jotzen eta konposatzen. Lau akorde nekizkien, baina ihesbide bat izan zen: nire mundua sortzeko aukera bat. Hor aurkitu nuen barruan neukan hori guztia.

Eta zure lehen abesti ezaguna garaje batean grabatu zenuen?

Oh Keira abestia horrela grabatutakoa da, bai. Lagun batek ekoizpen kontuak ikasita zeuzkan orduantxe, eta bere garajera gonbidatu ninduen. Orain abesti asko dauzkat, baina orduan kasik ez nuen batere, eta abesti horren alde egin genuen apustu. Hark grabatzeari buruz ez zekien ezer asko, nik abesteari buruz ere eskarmentu gutxi, eta Oh Keira atera zen.

Bada, 400.000 erreprodukzio ditu Spotify plataforman...

Zenbakiena ez da lehentasuna niretzat. Ez naiz sekula zenbakien bila joan, eta ez zait iruditzen horrenbeste ditudanik ere. Sekulako ilusioa egiten dizuna da zure abestiak egiten duen bidea ikustea. Entzule batekin hasi, eta horrenbesterengana iristea. Kostatu zait niri ere, baina bereizi behar dira norbere alderdi emozionala eta industria.

Lasai joatearen aldekoa zara?

Izan dut deiren bat konpainia handiren batena, baina ez dut presarik. Gertatu behar bada gertatuko da, horretarako prestatuago nagoenean. Oraintxe bertan, oso bizimodu normala daramat.

Lo-fi, hip-hop, pop... nondik heldu behar diogu zure estiloari?

Musika asko maite dut, eta musika asko dauzkat nire baitan. Ihesbide bat da niretzat musika. Goizaldera teknoa entzun dezaket, hurrena lo-fi estiloko zerbait, eta aitari gustatzen zaizkion rock doinuak ere bai... Ez dut genero jakin bat egin nahi, ez dudalako uste pertsona bat genero bat denik.

Baduzu erreferenterik?

Hard GZ izeneko rap abeslari galiziarra asko gustatzen zait. Musika asko entzuten dut, baina horrekin bereziki astuna naiz. Haren hitzek zer pentsatu asko ematen didate, barruak astintzen dizkidate; identifikatu egiten naiz harekin.

Eta zure hitzak nondik datoz?

Nerabezaroan hasi nintzen etxean konposatzen. Orduan garatu nuen nire nortasuna, nire pentsatzeko modua. Hitzak, batez ere, nire bizipenei buruzkoak dira, nire kontraesanei buruzkoak, nire baitako aingeru eta etsaiei buruzkoak... Gustuko dut idaztea.

Nola dator uda?

Diskoari emana. Aurtengo lan nagusia hori izango da. Hurrengo otsailean edo argitara ematea espero dut. Tarte horretan, ea kontzerturen bat emateko aukera sortzen zaidan.

Nolatan Bartzelonara?

Gurasoen lanarengatik iritsi nintzen hona, horregatik mugitu ginen Donostiatik. Hori bai, nire ama kataluniarra da.

Donostiaren falta sumatzen duzu?

Beti sumatzen da Donostiaren falta. Uztailaren 2an noa berriro.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.