ATZEKOZ AURRERA. Idoia Unzurrunzaga Llach. Argazkilaria

«Hiria neureganatu eta biluztu egin dut»

2020ko apirilean, itxialdi betean, Donostia «isil eta hutsean» barrena ibili zen Unzurrunzaga argazkiak ateratzen. Haiek oinarri hartuta, 'Hirian' izeneko sormen lana ondu du: «Imajinatutako hiri bat da».

MAIALEN ANDRES / @FOKU.
enekoitz telleria sarriegi
Donostia
2021eko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Arrotz bihurtutako hiri ezagun bat. Hori da Idoia Unzurrunzaga Llachek (Donostia, 1968) irudikatutako Hirian. Itxialdi betean Donostia «isil, huts eta bizigabean» ateratako argazkiak ditu oinarri. Ekain galerian egon da ikusgai, Mugak Arkitektura Bienalaren programazioan.

Denak etxean itxialdian, eta zu hirian zenbiltzan lanean.

Hau dena gertatu zenean, bat-batean hiria aldatu egin zen. Eta nire lanerako materialetako bat hiria da.

Aldatu egin zen, eta hustu.

Bizia galdu zuen.

Eta nolakoa da zuk irudikatu duzun hiria?

Imajinatutako hiri bat da. Guk hiria era batera ezagutzen dugu. Biztanleak gara, mugitu egiten gara... Hori eteten bada, beste egoera batekin egiten duzu topo.

Zer mezu ematen dute irudi horiek?

Udaletxean baimena eskatu nuenean, asmoa ez zen mezu bat ematea. Egoera hura erregistratu nahi nuen; helburua ez zen nire ikuspuntua ematea. Areago, kamerak badu formatu bat: laukizuzena. Eta askotan esaten da aukeratu egin behar duzula lauki horretan zer sartu eta zer ez. Kasu honetan, hori egin beharrean, 360 graduko argazkiak atera nituen. Beraz, dena aukeratu nuen. Beraz, ez nuen ezer aukeratu.

Fokua inon jarri gabe?

Aukeratu nuen gauza bakarra kameraren kokapena izan zen: ikuspuntua. Bitartekari lan bat, aurrez oso pentsatua. Hamabost eguneko lana izan zen, hasi periferiatik eta zentrora. Azkar joan nintzen, oztoporik ez zegoelako. Eraikin bat atera behar duzunean, beti pasatzen da aurretik auto bat. Ikuspuntu berri bat sortu zen: errepidea. Normalean, kamera ezin duzu errepidean kokatu. Ikuspuntua argazkilariok daukagun baliabide inportantea da. Eta gauza bat da begirada eta beste bat ikuspuntua.

Argazkiak erakusketara eraman zenituen gero, baina nola?

Arkitektura Bienalaren harira eskatu eta egindako erakusketa bat da. Haiek bazekiten erregistro dokumental hori egina neukala. Nire bizipenen arabera, nire terrenora eraman nuen. Sorkuntza lan bat izan da. Aukeraketa bat. Autoz eta pertsonaz hustu zen hiria, eta nik hustu dut hiria bai autoek bai pertsonek behar dituzten seinaleez eta elementuez.

Eta badu narratiba bat ere...

Erakusketaren sarrerako testuak honela dio: «Hiri batera iritsi da. Kalerik kale dabil, baina inor ez aldi berean ezagun eta zeharo arrotz zaion hiri horretan. Zer dela eta?». Ibilaldi moduko bat da. Jendeak konektatu egin du lanarekin, jendeak ezagutzen duelako hiria, badagoelako identifikazio bat. Azkenean, hemen atzean dagoena hiriaren historia ere bada. Dokumentazio lan handi bat egin dut: planoak ikusi, argazkiak ikusi, pelikulak ikusi, liburuak irakurri...

Arkitektura oso presente dago zure argazkilaritzan.

Ikasketak amaitu eta hona bueltatu nintzenean, egin beharra neukan aukera: fotokazetaritza, publizitatea, moda, kirola... Arlo batzuk oso beteta zeuden, besteetarako inbertsio ekonomiko handia egin behar zen... Arkitektura ez zitzaidan arrotza, inguruan baditudalako arkitektoak. Argazkilari gutxiago zebilen alor horretan: bide hori hartu nuen, eta lan pertsonalagoekin uztartzen dut.

Eta zeintzuk dira lan horiek?

Intimoagoak dira. Erretratuak jorratzen ditu, objektuak... Ikuspuntu oso zabalak eta irekiak jorratzen ditut, bai, baina oso itxiak ere bai. Osotasuna inportantea da, baina osotasun horretan ñabardurak ez dira ikusten, eta ñabardurak ere inportanteak dira. Hirian proiekturako argazkiek hasieran osotasun hori irudikatzen zuten. Erakusketa proposatu zidatenean, lan artistikoa egin nuen, sorkuntza lan bat, eta ñabarduretan jarri nuen begirada. Hiria berez hor dago, baina ñabardurak kendu ditut; neureganatu eta biluztu egin dut hiria. Hasieran hiria hutsik irudikatu ez banu, ez dut uste horretara iritsiko nintzenik. Ez zitzaidan bururatuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.