ATZEKOZ AURRERA

Urtantak hasi du bere bidea

Urtanta, natura eta musika uztartuko dituen jaialdia, martxan da igandera arte. Pasai San Pedrotik atera, eta Erentzingo itsaslabarrean amaitu dute lehen etapa, kantu herrikoien saio batekin.

Ur harizko laukotearen kontzertua, atzo Jaizkibelen. AMAIA JIMENEZ LARREA.
Amaia Jimenez Larrea.
Pasai Donibane
2022ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Jaizkibelera igotzeko errepidean, hiruzpalau auto ilaran, bata besteari jarraituz. Desbideratu egin dira, eta autoek kostata egin dute harrizko aldapan gora. Batzuk bidean geratu dira, eta 4x4 motako autoek soilik lortu dute aurrera egitea. Autoak albo batera utzi, eta oinez jarraitzeko garaia da. Musika tresnen kaxak, aulkiak, partiturak eta atrilak atera dituzte autoetan bidaiatzen zuten pertsonek.

Horietako batzuk Ur harizko laukoteko kideak dira. Instrumentuen tramankulu guztiak hartu, eta aurrera egin dute denek, kontzerturako txokoa lehenbailehen muntatu behar baitute.

Izan ere, atzo hasi zen Urtanta, musika eta natura uztartzen dituen Urmugaren bertsio murriztua. 07:00etan atera ziren Pasai San Pedrotik, eta Pasai Donibanera (Gipuzkoa) itsasontziz joan eta gero hasi zuten euren ibilbidea. Hiru etapa izango dira, eta Azkainen (Lapurdi) amaituko da.

Presaka doaz muntaketa lanak, inork ez baitaki non dauden zehazki mendizaleak. «Agian jada pasatu dira», esan du txantxetan batek. Azkenean, musikariak prestatu bezain pronto ikusi ahal izan dira lehen mendizaleak. Felipe Uriarte gidaritzat duten hamabi bat lagunek, biolin eta biolontxelo doinuez lagundurik hartu dute atseden.

Lau bat abestiren ostean, amaitutzat jo dute musikariek kontzertutxoa: «Eguraldiak pazientzia izan duenez, ez gara gehiago luzatuko», esan dute Ur taldeko kideek. Mendizaleek txalo zaparrada luze batekin eskertu diete egindako lana.

«Opari bat»

Mendizaleen taldea ez da oso handia, baina bai askotarikoa, sexuari, adinari eta jatorriari dagokienez. Leire Zinkunegi oriotarra da, eta alabarekin batera ari da Urtanta egiten. Zinkunegik ezaguna zuen ekinaldia, azkeneko Urmugan hiru etapa egin baitzituen. Oriokoarentzat alabarekin egingo duen txango berezi bat izango da Urtanta. Gainera, adierazi du asko gustatzen zaion egitasmo bat dela: «Geure buruari zein gure gorputzari eskaintzen diogun opari bat da».

Gorane Jaio eta Aitziber Irazabal bizkaitarrak beste lagun batekin etorri dira Urtantara. Hiruretako inork ez zuen egitasmoa ezagutzen, eta, diotenez, Biba Zuek saioren bitartez jakin zuten Urtanta egingo zutela. «Normalean asteazkenero joaten gara mendira, eta Anbototik eta Arratiatik ibiltzen gara», argitu du Jaiok. Ibilaldi horri esker, paraje berriak ezagutzeko aukera izaten ari dira.

Hirukotea mendi ibilaldi motzak egitera ohituta dagoenez, abentura bat da haientzat etapen ostean aire zabalean lo egitea. Musikak bidea are bereziagoa egiten duela aitortu dute. «Nik uste nuen arratsaldera arte ez zegoela kontzerturik, eta sorpresa bat izan dan biolinen kontzertua», aitortu du Irazabalek.

Gaur Urtantako taldea Hondarribian izango da, eta egun osoko festa prestatu dute herrian. Elkanoren Patatxa itsasontziabertan lehorreratuko da, eta Euskarabenturako gazteek ere euren geldialdia egingo dute.Goiza musikaz alaituta egongo da, eta bazkariaren ondoren, Et incarnatus orkestrak kontzertu bat emango du Hondarribiko Kasino zaharrean, hainbatgonbidatu bereziz lagunduta. Bihar amaituko da Urtanta Azkainen, eta Patatxa ere haraino iritsiko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.