ATZEKOZ AURRERA. Dei Gaztelumendi. Ilustratzailea

«Euskara puntako teknologiara eramatea dut erronka»

Urteek aurrera egin ahala, aldatuz joan da Dei Gaztelumendiren lana, baina pertsonaiak sortzen ibili da beti. Egun, arte eta istorio zuzendari gisa dabil, fantasia eta sormena lantzen dituen proiektu batean.

DEI GAZTELUMENDI.
Amaia Jimenez Larrea.
2022ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Kanadan eta AEBetan jorratu du bere ibilbide profesionala Dei Gaztelumendik (Oiartzun, Gipuzkoa 1987). Disney Imagineering eta Googlerentzat egin du lan, besteak beste, eta, azken horretako lankide ohi batzuekin, Luda izeneko start-up enpresan ari da lanean orain. Neo Fairies proiektua garatzen ari dira; sormena eta fantasia uztartzen dituen proiektu bat da.

Zer da Neo Fairies?

Izenak iratxo berriak esan nahi du.Fantasia-punk kutsuko sormen proiektu bat da, zeinetan jarraitzaileek proiektuaren sorkuntzan nahiz jabegoan partaide izateko ahalmena duten. Oraintxe bertan, partaideek ikur deritzon seinaleak ipini ditzakete lekuren batean, iratxoak leku horien zaindari bilakatzeko. Ikurren jabego horrek proiektuan eragina edukitzeko bidea ematen du.

Zer egin dezake jendeak Neo Fairiesen?

Ikurrak jartzeaz gain, laster, partaide horiek iratxo edo maitagarri bat sortzeko aukera izango dute, bideojokoetan norberaren pertsonaia sortzen den moduan. Partaide bakoitza iratxo baten edo batzuen kontalari izango da, eta, hala, egile eta partaideen artean istorio kolektibo bat sortuko da.

Nolatan sortu zen proiektu hau garatzeko ideia?

Ludako lehen taldekideak bildu ginenean konturatu ginen mundu osoko kulturetan daudela gizaki txikiei buruzko kondairak: Euskal Herriko iratxo eta maitagarriak, Mexikoko Chaneque-ak, Polinesiako Menehune-ak... Ikusi genuen gai hori ezin hobea zela fantasiazko proiektu kolektibo baten ardatz izateko.

Beraz, euskal mitologiak ere badu lekua Neo Fairiesen.

Lekua eduki baino gehiago, arte eta istorio zuzendari naizen eran, euskal mitologia eta euskara bera Neo Fairies proiektuaren jatorri eta ardatz nagusi gisa barneratu ditut. Euskara puntako teknologiara eramatea eta puntako teknologia euskaldunoi hurbiltzea dut erronka.

Zein da zure lantaldea?

Orain, zortzi taldekide gara, eta munduan sakabanatutako laguntzaile talde bat, bakoitza bere espezialitatearekin. Besteak beste, Play Station, Google, Meta, Disney Pluseta Xbox-en lanean ibili diren fenomenoak dauzkat lankidetzat. Oso talde plurala dugu.

Zer da zure lanetik gehien gustatzen zaizuna? Eta gutxien?

Nire pasioa dudala lan, hori da bi galderen erantzuna. Ona da, ohartzen naizelako zein zorioneko naizen, eta ez dudalako ia lan bezala sentitzen. Txarra ere bada, aisia eta lana banatzea bereiztea zaila suertatzen delako sarritan.

Nola ikusten duzu ilustratzaileen egoera?

Egia esan behar badut, kili-kolo ikusten dut. Hitzez deskribatzen duzunarekin irudi bat osatzen duten aplikazioak sortu dituzte, eta mehatxu bat dira gure lanarentzat. Nik neuk probatu ditut, eta erakargarriak egiten zaizkit, baina arriskutsuak dira, aldi berean.

Mundu zaila al da?

Lehia handia egoten da, eta sakrifizio handiak eskatzen ditu. Dauzkadan 35 urteetatik, 11 atzerrian igaro ditut. Gauza eta momentu asko galdu ditut familiarengandik eta lagunengandik urrun egoteagatik. Euskal Herrian egonda ere, maiz ingurukoek ez dute ulertzen zergatik egiten dudan horrenbeste lan. Zorionez, beti izan dut nire familiaren babesa.

Profesionalki zer egoeratan zaude?

Gaur egun oso leku berezian nagoela uste dut. Potentzial handiko leku batean nagoela sentitzen dut, bai nire garapenerako, bai eduki dezakedan eraginerako. Luda bera ikusten dut nire luzarorako proiektu gisa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.