ATZEKOZ AURRERA. Andreas Beuth. Ekintzailea eta abokatua

«G20koak Hanburgon biltzea probokazioa izan zen askoren ustez»

Duela urtebete, kolorez eta irudimenez betetako protestak egin zituzten Hanburgon G20koen aurka. Beuthen iritziz, halako moldeak eraginkorrak dira «plaza hartu eta zerbait oztopatzen badute».

Izaro Zinkunegi Barandiaran.
Donostia
2018ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Hanburgoko (Alemania) Rote Flore zentro sozialeko kidea da Andreas Beuth (Limburg an der Lahn, Alemania, 1953), eta hango abokatua izan da duela bi urte arte. Urtebete bada G20koak Hanburgon bildu zirela; gogoan ditu Beuthek han izandako protestak, baita Poliziaren oldarraldia ere. Hori guztia izan zuen hizpide atzo, Donostiako Kaxildan. Gaur, berriz, Gasteizko Louis Michel liburu dendan ariko da, eta, bihar, Bilboko Zapateneoan.

Zer esan nahi izan zuen G20koen bilkura Hanburgon egiteak?

G20koak Hanburgon biltzea probokazioa izan zen askoren ustez. Jakina da Schanze auzoa ezkertiarra dela, eta espero zen Hanburgoko ezkerra mobilizatuko zela, baita Alemaniakoa eta beste herrialdeetakoa ere. Ez zuten han egin behar, eta ekarritako ondorioek erakutsi dute hori.

Nolakoak izan ziren bilkuraren aurreko egunak?

Bi astez, hiriaren zati bat blokeatuta egon zen; 33.000 polizia eta 23 helikoptero zeuden dena kontrolatzen. Zenbait kaletan bizi zen jendeak identifikatu beharra zeukan etxera sartzeko, haurrek ezin zuten eskolara joan, trafikoa eten zuten...

Desobedientziaren aldeko hautua egin zuten herritarrek. Zergatik?

Jendearen ustez, goi bilerek ez dute ezer ekartzen, ez dute ezertarako balio. Diru asko xahutzen da, 100 milioi euroko kostua eragin zuen. Gainera, gobernu horiek ez dute zilegitasunik munduko biztanleen etorkizuna erabakitzeko.

Zein ziren haien aldarrikapenak?

Gehienek G20koen goi bilerarik ez egiteko eskatzen zuten; ez zuten ikusten eztabaidarako oinarririk. Baziren G20a eraldatzeko ikuspegia zutenak ere: AEBek klimaren aldeko akordioa sinatzea, Turkiak herri kurduaren aurkako guda jarrera uztea,errefuxiatuekiko politika aldatzea eta abar eskatzen zuten.

Irudimena nagusitu zen.

Hala da; protesta moduetako bat Corner izan zen; kaleak hartu zituzten [trago eta solasaldi giroan]10.000 pertsona inguruk, Poliziaren kontolaren aurrean. Tecno rave bat ere egin zen: tekno musikak girotutako martxa bat izan zen, eta 25.000 pertsona bildu ziren. Hor ere oso giro ona zegoen. Grisez jantzitako 1.000 laguneko martxa ere egin zuten, gizarteak grisak bihurtzen gaituela irudikatzeko.

Bestelako ondorioak izan zituen, ordea.

Poliziaren eta udalaren analisia honako hau izan zen: «Zorionez, ez da hildakorik izan». Zauritu larriak egon ziren. Bilatze eta atxilotze aginduak eman zituzten: 260 argazki argitaratu zituzten egunkarietan-eta. Egun 3.300 prozesu judizial daude irekita. Berriki, nazioartean bilatze eta atxilotze agindu bat zabaldu dute lau lagunen aurka.

Borroka molde berriak nagusitu dira azken urteotan. Zergatik?

Agian, adierazpide klasikoak ez dira nahikoa. Garrantzitsua da jendea kalera ateratzea, «kalean gaude, batera» esateko. Baina, behar dira irudimen handiko ekintzak ere. Hanburgon borroka molde ezberdinak ez ziren banatu, argi zuten helburua bera zela: goi bilera ez egitea hasieran; hura izorratzea gero.

Eraginkorrak al dira borroka molde horiek?

Ez baduzu zerbait oztopatzen, ez dira eraginkorrak. Musikak bakarrik ez du oztopatzen, ezta koloreek bakarrik ere. Baina, musikarekin eta koloreekin plaza bat hartzen baduzu eta horrekin zerbait eragozten baduzu, orduan bai.

Iragarri dute 2019an G7koak Miarritzen bilduko direla.

Garrantzitsua da Europako mobilizazioa izatea haren aurkakoa. Euskal Herrian da, eta hemen mobilizatzeko gaitasuna bada. Bordele, Marseilla [Okzitania], Paris, Lyon [Frantzia] eta Bartzelona ere ez daude urruti. Pentsatzen dut Hanburgotik ere jendea etorriko dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.