ATZEKOZ AURRERA

Aktibo izatea ez da adin kontua

Nagusientzako azoka antolatu dute beste urte batez Barakaldoko BEC erakustazokan. Bihar arte, adineko pertsonengan pentsatuta prestatutako hainbat ekintzaz gozatzeko aukera egongo da.

Gimnasia ekitaldiek arrakasta izaten dute urtero Nagusi azokan. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Zihara Jainaga Larrinaga.
Barakaldo
2018ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Igogailua hartu behar al duzue?», galdetu die emakume batek taldekideei. «Kirola egitera etorri gara, eta nola ez gara eskaileretatik jaitsiko», gogoratu die jarraian. Barakaldoko (Bizkaia) Ansioko metro geltokitik talde handietan irteten zen jendea BEC erakustazokara bidean atzo goizean. Urtero legez, Nagusi azoka antolatu dute han asteburu honetan, adineko pertsonen bizi kalitatea hobetzeko asmoarekin.

Inguruko herrietako erretiratuen elkarteetako kideak goiza giro onean igarotzeko asmoz joan ziren. Sagrario Aramendia eta Adora Apellaniz, esaterako, Santutxuko (Bilbo) yoga taldeko kideak dira. Hogei lagun inguru batzen dira astero auzoko yoga saioetan, baina atzokoa berezia zen eurentzat. «Gela txiki batean egitera ohituak gaude, eta pabiloi handi honen erdian egoteak urduri ere jarri gaitu», aitortu zuten. Arrakasta zuten gimnasia saioek, begiraleen aginduei jarraiki, eta kamiseta zuriak soinean, dozenaka lagun animatu ziren luzaketak eta bestelako ariketak egitera. Musika banda arduratu zen giroa berotzeaz.

Sarrerako eskailerak bukatu eta parez pare zegoen sukaldaritza erakustaldiak ere hainbat pertsona erakarri zituen goiz osoan. Falafela egiten erakutsi zieten, besteak beste. «Ez da gure adineko jendeak kozinatzen duen janari tipikoa, baina egingarria da», adierazi zuen ertz batean eserita begira zegoen Consuelo Calderon sestaoarrak. Kexu zen Calderon, urteetan joan gabe egon ondoren aldaketa handia sumatu zuelako azokan: «Lehen, eskaintza askoz zabalagoa zen, parte hartzeko ekintza gehiago zeuden, baina, egun, azokak pisua galdu du erabat». Iritzi berekoak ziren Las Carreras herritik eta Bilboko Peña auzotik joandako erretiratuak. Hala ere, zoriontasunik ez zitzaien falta. «Entretenitzeko gero eta ekintza gutxiago badaude ere, azokak plan desberdin bat eskaintzen digu; jende berria ezagutzeko aukera ere bada» adierazi zuten. «Benga, neskak!», hitz egiteari utzi eta mahai jokoan arreta jartzeko agindu zien taldeko kide batek.

Belaunaldi arteko topaketa

Nagusiak dira asteburu honetan BEC erakustazokako 3. pabiloian protagonistak. Atzo goizean, baina, adinekoak beste gazte zenbatu zitezkeen aurrera eta atzera mahai artean. Azkoitiko (Gipuzkoa) Izarraitz Lanbide Heziketa zentroko ikasleak ziren horietako batzuk. Jakes Garcia, Ana Orrillo eta Nahikari Astigarraga ikasleak eta Jose Maria Azkueta erretiratu barakaldarra elkarrekin zebiltzan mahai jokoen gunean. «Honelako ekintzak ezinbestekoak dira zahartze aktiboa sustatzeko», azpimarratu zuen Garciak. Halaber, gaineratu zuen gazteen eta zaharren arteko harremana normaltasunez hartu behar dela. Azkuetak, bestalde, nabarmendu zuenbere gazte garaiak gogoratzen zizkiola gazteekin tarte bat igarotzeak.

Leioako (Bizkaia) Barandiaran institutuko ikasle bat ilusioz gainezka zegoen. Irakasleek animatuta joan zen atzo Barakaldora. «Nagusiak oso jatorrak izan dira gurekin, eta eurekin egotea oso aberasgarria izan da», aitortu zuen. Gazteek zaharrekiko aurreiritziak eta jarrerak aldatu behar dituztela eta, «gaur ikusi dut feeling-a sor daitekeela borondatea egonez gero» aitortu zuen. Halaber, jarraian amonari deitu zion azokara joatera animatzeko. «Bihar berarekin bueltatzea gustatuko litzaidake».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.