ATZEKOZ AURRERA. Zaloa Basabe. Iruñeko Udaleko berdintasun teknikaria

«Telefonoak jotzen duen guztietan, bihotza estutu egiten zaizu»

Basabek eraso sexistak salatzeko telefonoa zaintzen du bestetan. Berdintasunean aurrerapausoak eman direla esan du: «Eraso sexisten kontrako jarrera iruindarron identitatearen parte da».

Iker Tubia.
2019ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Goizeko lanak bukatuta azaldu du Zaloa Basabek (Bilbo, 1978) berdintasun teknikari gisa sanferminetan egiten duen lana. Aurreko eguna zaintza txanda zuen, erasoak salatzeko telefonoarekin. Sanferminak aldatu egin direla uste du, baita jendearen kontzientzia ere.

Jaia bai, lana ere bai?

Ahaztuta ditut lanik gabeko sanferminak, orduan, egunero ditugun egitekoak sanferminetako ohitura bihurtu dira. Telefonoarekin 24 orduko zaintzak egiten ditugu, eta, goizero, 10:00etan, jarraipen batzordera joan behar dugu; hor batzen ditugu eraso sexistei buruz ditugun datu guztiak: epaitegiek, ospitaleak, mugimendu feministak eta gizarte zerbitzuek emandakoak.

Tentsioz bizi dituzu sanferminak?

Dudarik gabe: telefonoak jotzen duen guztietan, bihotza estutu egiten zaizu, eta, gauean, hala-hola egiten duzu lo. Tentsioa dago, berri txar bat emateko deitzen baitute.

Zer moduz doaz sanferminak?

Oraingoz, oso ongi. Ez da eraso sexisten salaketarik izan, baina ukitzeekin pare bat gertakari izan dira. Jende pila bat pasatu da informazio gunetik. [Gero jakin da lagun bat atxilotu dutela ukituak egiteagatik].

Zergatik joaten da hainbeste jende informazio gunera?

Batzuk kanpainarekiko atxikimendua azaltzeko helburuarekin joaten dira, esku gorria hartzera. Gune bakarra izanda, pina eramaten duenak informazioa ere eramaten du. Aurten, gida aldatu dugu, eta indarkeria matxistaren inguruan dagoen marko kontzeptual berriari egokitu: sartu ditugu autodefentsa feministaren gisako kontzeptuak, eta oso zaharkiturik zeuden leloak kendu: Ezetz ezetz da, adibidez.

Txupinazoan ez dira izaten lehengo irudiak, emakumeei ukituak eginez. Beraz, bazen zer eginik?

Duela lau urte neurriak jarri ziren: udaltzainak egoten dira plazan, eta esku hartze zuzena egiten dute. Baina nik uste dut hori baino garrantzitsuagoa dela azken urteetan jaiaren irudian egin den aldaketa. Egun, sanferminak ez dira hartzen erabateko eromentzat eta nahi duzuna egiteko festatzat, kanpotik ere ez.

Sumatu duzu jendearen jarrera aldatu dela bestetan?

Bai, baina ez bakarrik festetan. Emakumeen kontrako indarkeria egunero gertatzen da, bizitzaren alor guztietan. Jaietan, errealitatearen hiperbolizazioa gertatzen da: ez da gertatzen normalean gertatzen ez den ezer, baina era superlatibo batean gertatzen dira jarrera horiek. Nik esanen nuke azken urteetan gune seguruak geroz eta gehiago direla, eta kontzientziazio maila ere asko handitu dela, ez bakarrik emakumeetan, baita gizonen aldetik ere. Gainera, Iruñeak bat egin du eraso sexisten kontra, eta hori gure identitatearen parte da.

Eskuaren kanpainarekin asmatu duzuela esan liteke?

Esku horrek adierazten du hiri baten konpromisoa indarkeriak baztertzeko, eta jarrera aktibo bat agertzen du indarkeriari aurre egiteko. 2016an, mugarri bat izan zen: mugarria ez zen izan erasoa [talde bortxaketa], baizik eta erantzuna. Ez zen mugimendu feminista kalera ateratzen zena, ez zen udala erantzuten zuena, baizik eta hiri oso bat.

Nola lortu da egoera horretara ailegatzea?

Komunikabideek zioten bat-bateko erantzun bat izan zela, eta hori ez da egia. Jendea era masibo eta irmoan atera zen, azkenengo hamar urteetan mugimendu feministak egindako lanari esker. Udaleko aldaketak, gainera, eman zuen aukera mugimendu feministarekin elkarlanean aritzeko, eta horrek beste zentzu bat eman zion kanpainari.

Aurrerantzean zein izanen da egoera berdintasun alorrean?

Esan digute dena berdin mantenduko dela; protokoloak mantenduko dituzte, baina ikusiko dugu. Edonola ere, berdintasunean nekez eman litezke atzerapausoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.