TXAPELA BURUAN. Eduardo Darriba. Illinoisen dagoen bilbotarra

«Autoa beharrezkoa da edozer egiteko»

Unibertsitateko gradua amaitu ostean, ekonomia masterra egitera joan da Darriba Amerikako Estatu Batuetara. Ikasketak amaitzear da, baina, itzuli beharrean, han lana topatzea da haren helburua.

BERRIA.
Peru Azpillaga Diez.
2020ko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Unibertsitateko gradua amaituta, Eduardo Darribak argi zuen (Bilbo, 1996) ikasten jarraitu nahi zuela lan mundura salto egin baino lehen. Europako herrialderen batean masterra egitea zen haren asmoa, baina, azkenean, familiako kide batzuen gomendioz, Illinoiseko (AEB) Unibertsitatera joatea erabaki zuen. Gustura azaldu da hango hezkuntza ereduarekin, eta, behin ikasketak amaituta, han lanean geratzeko emango dioten bisa baliatu nahi du bere egonaldia luzatzeko. Osasun krisiaren ondorioz, ordea, badaki ez dela xamurra izango lana topatzea.

Urtebete daramazu AEBetako unibertsitate batean ikasten. Alde handia sumatu duzu Euskal Herriko hezkuntza ereduarekin konparatuta?

Egia esan, erabat desberdina da. Hezkuntza sistemak ez du zerikusirik hangoarekin. Lan karga txikiagoa ezartzen dizute hemen. Azterketarik ez duten ikasgai mordoa daude, lan baten bidez edo klasera joate hutsarekin gainditu ditzakezunak. Alde horretatik, askoz malguagoa da: zure gustuko ikasgaiak aukera ditzakezu, eta nahi duzun horretan espezializatu, berdin du zuk ikasten duzun horrekin lotura duen edo ez. Kontrara, gero lan karga handia izateko ohitura gutxi hartzen duzula ere azpimarratuko nuke.

Nola amaitu duzu han?

Familiako kide batzuek hemen ikasi zuten, Illinoiseko Unibertsitate Publikoan, eta hona etortzea gomendatu zidaten. Unibertsitatea Chicagotik bi ordura dago —estatuko hiririk handiena—, eta badu sona pixka bat. Ikasleen gehiengoa estatubatuarra da, baina badira atzerritar asko ere, batez ere asiarrak.

Nolakoa da hango zure bizimodua?

Unibertsitateko egoitzan bizitzen egon naiz, orain dela gutxi lagunekin etxe batera mugitu naizen arte. Hortaz, erabat murgilduta egon naiz unibertsitate giroan. Hala ere, hemengo bizimoduak baditu guretzat arraroak suertatzen diren hainbat ezaugarri. Besteak beste, autoaren garrantzia azpimarratuko nuke. Hemen, edozer egiteko autoa behar da. Kalera ateratzen zara eta ez duzu ezta supermerkatu bat ere topatzen. Horrekin batera, hiri eredua ere ez dut batere atsegin. Gauez, adibidez, ez dabil inor kalean, eta ez da ohikoa tabernetara joatea lagunekin; aisialdia etxeetan dago hemen.

Nolakoa da Illinois?

Muturreko tokia da. Erabat laua da, eta arto soroz josita dago paisaia guztia. Neguan sekulako hotza egiten du, eta udan, berriz, bero itzela. Beraz, ez da munduko tokirik onena bizitzeko. Chicago ere, AEBetako beste hiri batzuekin alderatuz gero, ez zait gehiegi gustatu. Hiri polita da, baina bizitza gutxi du.

Zer nabarmenduko zenuke estatubatuarren izaerari buruz?

Zaila da esatea, gizartea oso askotarikoa delako eta, beraz, denetarik topa dezakezulako. Egia da haien jatorria edozein izanda ere aberriarekiko lotura handia dutela, eta harro daudela estatubatuarrak izateaz. Hala ere, orokorrean nahiko itxiak direla esango nuke. Gero, unibertsitatean, bakoitza bere bizitzan sartuta dago, eta badu antzik pelikuletan agertzen denarekin.

Zer-nolako eragina izan du osasun krisiak?

Ba, oporretan harrapatu gintuen. Ni justu bidaia bat egitera nindoan, eta bertan behera utzi behar izan nuen. Nahiko aspergarria izan da, campusean sartuta egon behar izan dugulako, baina bueno. Egia da hemen ez dituztela askatasunak gehiegi murriztu. Hau da, kezka badago, baina jendeak bere egunerokotasunari eutsi dio.

Azken asteetan ere protesta ugari egon dira, ezta?

Bai, ni orain Washingtonen nago, lagun bati bisita egiten, eta hiru egunez etxeratze agindua egon da ezarrita; beraz, ia ezin izan gara etxetik irten. Sekulako protestak egiten ari dira, muturreko egoera bat da; benetan harrigarria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIAk ahotsa ematen die gizarte justu baten alde egiten duten mugimenduei. Urriaren 3a baino lehen 100 euroko ekarpena eginez gero, 'Gazako egunerokoa' liburua jasoko duzu opari.