ATZEKOZ AURRERA. Iñaki Agirre. Kazetaria

«Lana ezkutuan egin behar izaten dugu»

Moriako kanpaleku kiskaliko bost lekukotza batu ditu Agirrek, Poliziaren oztopoak gaindituta. Dokumental bat ondu du, eta Internet bidez aurkeztuko du gaur, mahai inguru batek lagunduta.

JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
amaia igartua aristondo
2020ko azaroaren 10a
00:00
Entzun

Iñaki Agirre (Donostia, 1993) kazetariak Moriako (Lesbos, Grezia) kanpalekuan egondako bost migratzaileren lekukotzak bildu zituen Moriako erretratuak bideo sortan. Orain, dokumental batean batu ditu BERRIAk. BERRIAko webgunean dago ikusgai, eta aurkezpen ekitaldi bat ere egin dute. Besteak beste, Agirrek berak hartu du parte.

Noiz erabaki zenuen Morian gertatzen zena ezagutaraztea?

Joan den urte amaieran. Batetik, profesionalki banuen beste erronka batzuei aurre egiteko gogoa. Eta, bestetik, Morian gertatzen ari zena oso larria zela ikusten ari nintzen. Orain, 10.000 lagun daude kanpaleku berrian, baina, 2020aren hasieran, 20.000 pertsona baino gehiago zeuden Moriakoan.

Dokumentalean kontatu ez ezik erakutsi ere egiten da egoera. Zein ekarpen egiten dute irudiek?

Halako errealitate gordinez ari garenean, ikusteak agian irakurtzeak baino inpaktu handiagoa sortuko du, eta hor dago bere indarra. Hala ere, idatziz helaraztea ere garrantzitsua da, azalpenetan sakontzeko.

Zein irizpiderekin aukeratu dituzu lekukoak?

Saiatu behar duzu dena islatzen modu mugatuan, ezin delako mundu guztia elkarrizketatu. 50 herrialde baino gehiagoko pertsonak bizi dira han, eta nire irizpideen artean zegoen herrialde ezberdinetako pertsonak elkarrizketatzea. Kontuan hartu beharra dago, gainera, bertakoen %75 afganiarrak direla; nik bi afganiar elkarrizketatu ditut, eta besteak Burkina Faso, Hego Sudan eta Kamerungoak dira. Hainbat errealitate islatzen saiatu naiz.

Grabatzeko oztopoak izan dituzu?

Etengabe. Larrialdi humanitario batean lan egitean kontuan hartu behar duzu baldintza ia ezin zaurgarriagotan dagoela jendea, eta pertsona horien egoera ahal den neurrian ulertu eta errespetatu behar duzu. Mesedea baino gehiago, kaltea egin dezakezu.

Eta zer moduz agintariekin?

Erakundeek eta bereziki Poliziak oztopoak etengabe jartzen dizkigute kazetarioi. Morian eta kanpaleku berrian debekatua dago grabatzea. Arriskuan zaude: isun bat jarri, edota materiala ken diezazuten. Azken finean, lana ezkutuan egin behar dugu, garbi dagoelako Greziari eta esango nuke baita Europako Batasunari ez zaiela interesatzen hango eskubide urraketak azaleratzea.

Dokumentalean esaten da andreen %41i sexu abusuak egin dizkietela kanpalekuan. Elkartasunik badago?

Herrialde ezberdinetako emakumeek antolatzeari ekin diote arazo komunei aurre egiteko. Antolatzeko eta ezberdintasunak gainditzeko grina dago. Dena den, komunitateen artean ere lehia dago.

Dokumentalean, Mohamedek dio bidaiari ekin zionetik trauma duela. Arazo psikologikoak ezkutuan daude kanpalekuan?

Bakoitzak ahal duen moduan egiten die aurre halakoei, osasun zerbitzuak oso urriak baitira. GKE batzuek arta psikologikoa eskaintzen zuten, baina, suteaz geroztik, hutsetik hasi behar izan da dena. Arazoa oso larria da: jatorrizko herrialdetik dakarte trauma bat, eta bidaian gehiago pilatzen dituzte. Itxialdian, bere buruaz beste egiteko saiakerak inoiz baino ugariagoak izan ziren, eta haurrak ere sekulako arazo psikologikoak garatzen ari dira. Estresa eta frustrazioa orokortuta dago. Sartu zirenean baino okerrago irtengo dira kanpalekutik.

Asteon hara itzultzekoa zara. Aurrerantzean zer espero duzu?

Aurreikus daiteke egoerak okerrera egingo duela. Batetik, birusa daukagu; bestetik, negua atarian dago. Kanpaleku berria itsasertzean dago, eta euria egiten duen bakoitzean uholdeak daude. Ezin dituzte higiene baldintzak mantendu, eta kanpaleku osoan ez dago farmaziarik. Hotzari aurre egiteko, jendeak sua edo gailu elektronikoak erabiltzen ditu, eta suteak egon litezke, edo karbono monoxidoak eragindako intoxikazioak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.