ATZEKOZ AURRERA

Hitz egiten duen dorretxea

Gaurtik aurrera, hilean bi larunbatetan bisitatu ahalko da Bergarako Olaso dorre historikoa. Telesforo Monzon politikari abertzalearen etxea izan zen, eta haren ondarea dauka barruan.

Olaso dorrea. Eraikinaren sarrera. ARITZ LOIOLA / FOKU.
jakes goikoetxea
Bergara
2021eko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Egurrezko ateak karranka pixka bat egin du, eraikin barruko altxorrak denbora luzean gorde dituen seinale. Sartu orduko, harlauza erraldoien gainean jarrita, Olaso dioen alfonbra batek egiten du ongietorria.

Eta eskuinean, zizelkatutako altzari zaharren artean, hormatik zintzilik, argazki indartsu bat: Telesforo Monzon eta JosefaGanuza senar-emazteak, 40 urteko erbestealdiaren ondoren, 1977ko abuztuan, Askatasunaren Ibilaldiaren buru, Bergarara (Gipuzkoa) itzultzen, jendetza atzean dutela. Giuseppe Pellizza da Volpedoren Il Quarto Stato margolanaren bertsio euskalduna eta abertzalea.

Badira hitz egiten duten etxe eta eraikinak. Halakoa da Bergarako Olaso dorrea. Telesforo Monzon politikari abertzale, idazle eta Euskal Herriaren XX. mendeko historiako funtsezko pertsonaiaren jaiotetxea eta bizilekua.

Kareharrizko XVI. mendeko jauretxe horretan daude Telesforo Monzon eLab laborategia eta Jakiunde zientzia, arte eta letren akademia. Artxibo oparoa ere badu, eta historialariak joan ohi dira ikertzera hara.

Bergararrentzat gertukoak eta ohikoak izan dira bai dorrea, bai lorategiko magnolia handia, mende bat baino zaharragoa eta jada dorrea bera baino garaiagoa. Orain, ordea, dorrea barrutik ezagutu ahalko dute. Asteartean 40 urte bete ziren Monzon hil zela, Baionan, eta Olaso Dorrea fundazioak ateak zabaltzea erabaki du, bisita gidatuen bidez. Hilean bi larunbatetan izango dira, lehena gaur. Oraingoz, talde bakoitzean sei lagun gehienez, pandemiagatik. Bergarako turismo bulegoaren bidez hartu daiteke txanda. Martxokoak, apirilekoak eta maiatzekoak beteta daude.

Dorrea oso ondo ezagutzen duen pertsona bat aukeratu dute bisitak gidatzeko: Xabier Lazkano, dorreko etxezaina eta artxiboaren eta mantentze lanen arduraduna.

Frankistek eraikina kendu zieten monzondarrei, eta beheko solairua Sindikatu Bertikalak hartu zuen; lehen solairua, Zirkulu Karlistak; eta bigarrena, Falangeko emakumeek. Karlistek taberna jarri zuten, eta Lazkano eta beste ume batzuk hara joaten ziren, mahai futbolean jolastera. «Bergarako lehen okupatzaileak frankistak izan ziren», esan du, ironiaz. Geroago, osabarekin lanean, iturgin lanak egin zituen dorrean.

Margolanez jantzia

Hormak jantzita daude. Euskal Herriko kostaldeko mapak hemen, zuhaitz genealogikoak han. Haietako bat, 1000. urtean Vela de Gebaratik hasi, eta Telesforo eta Isidro anaietaraino —hiru arrebak ez dira ageri—. Bi margolan handi, XVIII. mendearen bukaerakoak: Maria de las Mercedes Olaso batean, Tadeo de Monzon senarra bestean. Irudietan, ordulari bat eta altzari bat. Gela horretan bertan, benetako ordularia eta altzaria.

Monzonen eta Ganuzaren argazkiak, makilak, txapela... Lehen solairuan, Monzonen eta Ganuzaren etxea izandakoa. Kapera, gurutzeak, margolan erlijiosoak, liburuak... Intimitate giro horretan, txoko batean, mahai bat, 1765eanEuskalerriaren Adiskideen Elkartearen lehen batzarra egin zuten mahaia. Atzean, ikurrina, Nafarroako bandera eta arrano beltza, Ganuzak jarriak.

Etxeko artelan, artxibo eta liburu gehienak senideen artean banatu zituzten, frankistak iritsi aurretik. Frankistek gainerakoa hartu zuten. Altzarietako batzuk Francisco Franco diktadorearen Donostiako jauregia janzteko eraman ere bai. Horietako batzuk berreskuratu egin dituzte. Koadro batek bahitua izanaren jatorrizko ziurtagiria du itsatsia.

Bigarren solairuak beste etxe batekoa dirudi, exotikoa baita. Isidro Monzonen etxea izan zen. Ehiztaria zen, eta antilopeen adarrak daude hormetatik zintzilik. Etxearen txoko batean, elefante baten marfilezko bi letagin, zeramikazko bi txakur zurik zainduta.

Sarrerako ateak zabalik jarraitzen du, eta handik pasatzen diren bergararrek jakin-minez begiratzen dute barrura. Gaurtik aurrera sartu ahal izango dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.