ATZEKOZ AURRERA. Javier Codesal. Bideoartista

«Uniformetasunaren aldeko pasioa dago»

Diskurtsoak beste aho eta gorputz batzuetatik zabaltzea interesatzen zaio Codesali. Erakusten diren irudien arauak bazter utzi, eta bide ematen die bestelako gai batzuei. LGTBI zaharrei, bere azken lanean.

BERRIA.
Iker Tubia.
2022ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Ezarritako arauak betetzen ez dituzten gorputzak interesatzen zaizkio Javier Codesal bideo artistari (Sabiñanigo, Espainia, 1958). Ikus-entzunekoetan eta idazketan aritzen da batik bat, baina haren lana ez da kabitzen etiketa zurrunetan. Etzi, Iruñeko Ikuspuntu jaialdian aurkeztuko du Evangelio mayor filma, LGTBI zaharrei buruzkoa.

Lan honetan ikusezinak izaten diren gorputzak agertzen dira: zaharrenak. Gainera, sexu disidenteak. Zergatik egin duzu hautu hori?

Gaixotasuna eta zahartzaroa beti interesatu zaizkit; askotan landu ditut. Adibidez, filmean hiesa izan zuen pertsona bat ageri da, ia mirariz bizirik iraun zuena. Bestalde, arrazoi erabat subjektiboa eta pertsonal bat ere badago: zahartzarora gerturatzen ari naiz eta homosexuala naiz. Filmean ez dago deus autobiografikorik, baina hau bada pertsonalki eragiten didan gai bat.

Zergatik izan duzu beti kezka gaixotasunaren inguruan?

Ez da plan bat izan. Hiesa nire belaunaldiarentzako kolpe bat izan zen; jende asko hil zen, tartean lagunak. Guzioi eragiten zigun, baina gehiago kolektibo batzuei. Horren bila ez zara ibili, hori aurrean paratu zaizu, eta bi aukera dituzu: beste aldera begiratu edo egoerari erantzun. Berdin gorputz ezberdinekin, disidentziarekin eta sexualitatearekin. Modu naturalean sortu zitzaizkidan kezka hauek.

Normalean zergatik ez dira halako gorputzak erakusten?

Uniformetasunarekiko pasio handia dago. Nahiz eta informazio anitz eskura izan, patroi bisual batzuk daude. Ikus dezakeguna infinitua da, baina hierarkizazio indartsu bat dago, eta horregatik daude lehentasun bisual batzuk. Gorputz batzuk edo ez dira erakusten, edo gutxi erakusten dira, edo ez dira modu onean erakusten. Hala ere, nire helburua ez da horren kontra egitea; ondorio bat baizik ez da.

Zergatik ebanjelioa?

Ez nuen nik asmatu, noski. Ebanjelioa oinarrizko testua zen gure testuinguru kulturalean; oraindik bada, baina modu zeharkakoagoan; hala ere, haren eragina gure kulturan erabatekoa da oraindik ere. Testu kanoniko bat da, eta niretzat erreferentzia bat da. Berriz esanen dut, baina beste ahots batekin.

Testu bera ez da berdin aditzen beste baten ahotan?

Berraragitze moduko bat da. Tradiziozko testu hori beste aho edo gorputz batekin esaten bada, ezberdin adituko da, edo bestela eraginen du. Are, begira historian zehar zenbat irakurketa egin diren ebanjelioaren inguruan, eta zer ezberdinak. Hori bai, kulturatik hurbildu naiz; ez du erlijioarekin deus ikustekorik.

Film queer bat dela esan du Ikuspuntu jaialdiak, filma eraikitzeko maneragatik. Ados zaude?

Zinema generoen inguruan oinarrizko banaketa bat egin ohi da: dokumentala eta fikzioa. Nolabaiteko heteronormatibitate filmiko hau ez du aintzat hartzen filmak; sailkapen finkoetatik ihes egiten du, lengoaiaren aldetik konplexua baita.

Nola gerturatu zara filmean ageri diren pertsonengana?

Zorionez, lan motela izan da: bi urtez grabatu genuen. Hurbiltzeko manera lasaia izan zen, LGTBI kolektiboko zaharrekin lan egiten duen 26 de Diciembre fundazioari esker. Ez zegoen gidoirik, ideia argi batetik abiatu arren. Hilabeteek aurrera egin ahala, pertsona horien lagunak egin ginen, eta argituz joan zen zer bideri jarraitu eta zer eduki landuko genituen. Elkar ezagutzea eta pazientzia eskatzen du lanak.

Esan izan duzu idatzitakoa eta aditutakoa irudi bat dela. Zer irudi mota?

Ez dugu soilik ikusten: aditu ere egiten dugu, irakurri, hitz egin... Nire lana arte bisualetan eta idazketan kokatzen da. Denborarekin, ikusi dut erabat lotuak zirela idatzitakoa eta grabatutakoa, nahiz eta uste nuen bi gauza ezberdin zirela.

Irudi bonbardaketaren erdian, zaila da berezitasuna aurkitzea?

Korrontea oso bortitza denean, zaila da kontrako bidea hartzea, baina ahelegindu beharra dago. Zorionez, aukera asko daude, eta jende asko ateratzen da gailentzen den horretatik. Zinema klasikoan ere ikus liteke: badira Hollywooden pieza bereziak sortzen dituztenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.