Arrauna eta kultura, eskutik

Gaur abiatuko dira Donostiako euskal jaiak, Sagardo Egunarekin.Irailaren 6an eta 13an jokatuko dute Kontxako Bandera, eta ekitaldi ugari antolatu dituzte tartean

Konstituzio plazan, 35 sagardotegitako sagardoa dastatu ahal izango da gaur. ESTITXU ZABALA / IRUTXULOKO HITZA.
Donostia
2015eko irailaren 5a
00:00
Entzun
Kontxako bandera izaten da izarra Donostiako euskal jaietan. Biharko estropadetako denborak eta hurrengo igandekoak kontuan izanda, irailaren 13an jakingo da nork eramango duen etxera bandera preziatua. Euskal jaiak, baina, hori baino gehiago dira, eta gaur hasiko da festa.

Sagardo Egunak abiatuko ditu ofizialki, gaur, 11:00etan, Donostiako euskal jaiak. Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak antolatuta, goizean nahikoa edana egongo da han biltzen denarentzat. Inork barazkiak erosi nahi balitu, Bulebarrean Donostiako Nekazaritza Ekologikoaren XIV. Azokan du aukera paregabea. Gipuzkoako tomateen erakusketa eta lehiaketa ere egingo da, goizean. Herri esku-dantza egingo dute arratsaldean, udaleko txistulari taldeak lagunduta, Konstituzio plazan, 19:00etan. Gaurko eguna amaitu aurretik, Donostia Bertsotan jaialdia egingo dute Konstituzio plazan, Andoni Egaña, Beñat Gaztelumendi, Amets Arzallus, Uxue Alberdi, Jon Maia eta Miren Amuriza bertsolarien eskutik, 22:30ean.

Bihartik aurrerako ekitaldien egitaraua zabala eta oparoa da. Dantzaldiak, musika, gastronomia eta hitzaldiak aurreikusi dituzte.

Musikari dagokionez, Inpernuko poza. Trikitixaren XIII. jardunaldiak egingo dira ostegun eta ostiralean. Lehen hitzaldia Iker Goenagaren eskutik izango da, Trikitixa jotzeko tonalitate ezberdinak lehen eta orain, izenburupean, Donostia Kulturako hitzaldi aretoan, ostegunean. Ostiralean, leku berean, Iñaki Garmendia Laja-k eta Joseba Tapiak mahai ingurua egingo dute gai beraren inguruan. Ostiralean, halaber, Kantu Jira izango da, Loiola kaletik Parte Zaharrera.

Musika ekitaldi gehiago izango dira larunbatean: Donostiako Aste Nagusian bertan behera geratu zen Txistulari Alardea egingo dute, Konstituzio plazan. Arraunaren egun handian, igandean, 13an, Los Bebes de la Bulla fanfarrea arduratuko da Kontxako badia eta inguruak musikaz alaitzeaz, 11:00etan hasita. Egun berean, Imuntzo eta Belokik kontzertua emango dute 14:30ean, Konstituzio plazan.

Uretatik kanpo ere kirolari

Kirola egitea arraunean aritzea baino gehiago delako, bada eskaintza lurretik mugitu gabe. Astelehenetik ostiralera, Donostialdeko XVIII. Esku Pilota Txapelketa jokatuko da. Larunbatean, bestelako kirolak nabarmenduko dira. 11:30ean, Urgulleko XV. Krosa egingo da. Herri kirolekin gozatzeko tartea ere izango da, 18:00etan.

Eztarria gozatzeko, ostegunetik igandera Basque Beer Fest euskal garagardo ekoizleen azoka egingo da, eta Euskal Herrian ekoitzitako garagardoak dastatu ahalko dira Bulebarrean.

Ikus-entzunezko ikuskizunek ere badute tartea. Poesia Orduak egingo dira astelehenean eta asteartean, 20:00etan, Viktoria Eugenian. Ostegunean, euskal zinema emanaldia izango da Trinitate plazan: Urak Dakarrena, 21:30ean. Tanttaka konpainiak Kreditua antzezlana aurkeztuko du Antzoki Zaharrean, ostegunetik igandera, 20:00etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.