Koronabirusa

«Orain arte, ia bat ere ez, eta orain, bat- batean...»

Zestoa da, positiboen gorakadaren ondorioz, tituluetan dauden herrietako bat; bilakaera hori apaltze aldera, hainbat neurri hartu ditu udalak. PCR testak egiten ari da Osakidetza; arazoaren neurria emango dute azterketen emaitzek.

PCR testak egiten, atzo, Zestoan. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
arantxa iraola
Zestoa
2020ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Orain arte, ia bat ere ez, eta orain, bat-batean...». Aurrez beste hainbat udalerritan izan duten harridura antzekoaz hartu dute Zestoan (Gipuzkoa) ere COVID-19 kasuen igoera. Halaxe adierazi zuen atzo eguerdian Xabi Aceitonek, Osakidetzak PCR testak egiteko atondu zuen gunean. Alaba gaztetxoarekin joana zen: hura eskolara bidean autobusean positibo batekin kontaktuan egon zelako bakartua dute etxean, eta testa egiteko abisua jasoa zuen. Onartu zuen «urduritasun» apur batekin joan zirela. Ondoan, Naiara Olaizola: joan den ostiralean aitak positibo eman zuelako joana. PCRa egiteko ordu bat hitzartu ahal izateko, nahi baino gehiago itxaron behar izan duela adierazi zuen: «48 ordu inguru izan dira».

Egunotan 28 positibo atzeman dituzte herrian, 200 bat pertsona konfinatuta daudela ondorioztatu dute udal agintariek, eta erabakiak hartu dituzte: eraikin publikoak itxita daude, eta tabernak ere bai. Neurri horiekin egoera «kontrolatzen» ari dela azaldu zion atzo goizean Mikel Arregi alkateak BERRIAri: «Hemendik aurrera beherakada bat gertatzea da logikoena». Herrian eguneroko martxa berreskuratzeko epemuga ere aurreratu zuen: «Bi edo hiru egunean». Adierazi zuen herriko osasun zentroan «gainezka» daudela asteburuan itxita egon da. Larunbatean eta igandean, bizilagunek Zarautzen egin behar izan zituzten probak.

Balkoitik balkoira

Bitartean, atzo jende askorik ez zebilen Zestoako kaleetan. Igartzen zen zerbait airean. Herritarren artean, balkoirik balkoi askotan, hizpiderako gaia zen izurria, eta entzun ere egiten zen hilabeteotan hain sakon errotu den hitza: «Konfinamendua». Horrelako neurri orokorrik ez dago ezarrita, ordea, Zestoan. Eskola, esaterako, martxan da. Goizean Zestoa Herri Ikastetxeko zuzendaritzak kezka adierazi zuen guraso asko deika izan zituztelako, galdezka; etxean senitartekoak konfinatuta dauzkaten gurasoek, esaterako, nola jokatu behar duten jakin nahi zuten. Eskolako arduradunek kezka adierazi zuten, halaber, uste dutelako «autokonfinatzea» erabakiko dutela hainbat gurasok: umeak eskolara ez bidaltzea. Goizean goiz izan zen hori. Eguerdian, adierazpen gehiago ezin zituztela egin adierazi zuten eskolako arduradunek: eskolara agertu ez ziren umeei buruz, adibidez, ezin zuten daturik eman. Mezu bakar bat eman zezaketen: «Lasai joan da goiza». Datu batzuk jakinak dira: 40 haur konfinatuta daude asteburutik eta LH4ko gela bat itxi dute, ikasle batek positibo eman ondoren.

Artegatasuna ezin ezkutatu zebiltzan herritarrak atzo. Umeak eskolatik jasotzen, Irantzu Alberdi eta Surya Paz. Jendaurreko lanak dituzte, eta ez dute ulertzen propio jardunbide horiek eragoztea. «Osasun Sailak esan izan balu ixteko, ados. Baina, bestela...». Biloba eskolatik jaso berri, Petra Pozo. Hura bat dator neurriekin: «Gero eta lehenago, hobeto».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.