Izortze Santin. Biologian doktorea

«Neurgailuek beren kabuz ez dute ezer egiten; eremua aireztatu behar duzu gero»

MONIKA DEL VALLE /FOKU.
Maria Ortega Zubiate
2021eko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Nafarroako Gobernuak hartutako erabakiak eztabaidaren erdian jarri ditu, beste behin ere, aerosolen arriskuak. Horiez ohartarazi du Izortze Santin (Barakaldo, Bizkaia, 1981) EHUko biologia molekularreko irakasle eta Biocruceseko ikertzaileak, eta CO2 neurgailuak eta aireztapena uztartzea ezinbestekoa dela gehitu du.

Zergatik da garrantzitsua eremu itxietako aireztapena?

Birusaren transmisioa leku itxietan kanpoaldean baino hogei aldiz handiagoa delako; izan ere, kutsatzeen ia %100 aerosolen bitartez izaten dira. Guk, hitz egin edo arnasa hartzerakoan, aerosolak botatzen ditugu, ur eta listu tanta txiki-txikiak, alegia. Kontua da oso pisu txikia dutela, eta horren ondorioz airean egon daitezkeela denbora luzez. Hori da arazoa: oso gaizki aireztatuta dauden eremuetan aerosolak pilatu egiten direla, eta aerosol horietan SARS-COV-2 birusa badago haren kontzentrazioa airean oso altua izan daitekeela. Horregatik da garrantzitsua aireztapena, eta gurutzatua izan behar du; korrontea sortu behar du: horrela, pilatu diren aerosolak gelatik aterako dira, eta kontzentrazioa urritu.

Beraz, aire zabaleko eremuak bultzatu beharko lirateke?

Erabat. Nazioarteko ikerketa guztiek diote kutsatze gehienak leku itxietan gertatzen direla, eta askotan leku horiek ostalaritzarekin, gimnasioekin eta mota horretako lekuekin lotuta daude. Hainbatetan ikusi dugu kutsatzeek gora egin dutela ostalaritza irekitzearekin batera: eta horrek adierazten digu ostalaritzakoak, oro har, leku itxiak izaten direla, aireztapen eskasekoak, eta gainera arrisku jarduerak egiten direla, maskara kendu behar dugulako.

Nafarroako Gobernuak CO2 neurgailuak jartzea eskatu die tabernariei, edukiera osoa izan nahi badute. Gailu horiek eraginkorrak dira?

Neurgailuek, beren kabuz, ez dute ezer egiten. Gelan dagoen CO2 kontzentrazioa neurtzen dute, eta, 800 ppm-tik gorakoa bada, adierazten dute gela hori oso gaizki aireztatuta dagoela; CO2a pilatzen ari dela, eta ez dela oxigeno nahikorik sartzen. Baina hori jakitearekin ez da nahikoa: orduan, neurriak hartu behar dituzu. Eremua aireztatu behar duzu: horretarako ateak eta leihoak badituzu, primeran, baina ezin baduzu aireztapen naturala egin, beste zerbait behar duzu; EPA aire garbitzaile filtrodunak jarri behar dituzu, esaterako. Beraz, neurgailuak ondo daude, baina kontuan izan behar dute gela hori aireztatzeko aukerarik izango duten edo ez.

Beste gomendiorik badago aerosolen kopurua txikitzeko?

Nik dakidala, aireztapen naturala edo artifiziala dira neurri bakarrak. Argi dago maskarak babesten gaituela, baina, gela batean aerosolen kontzentrazioa oso altua bada, horri aurre egiteko modu bakarra aireztapena da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.