81 urteko gizon bat zendu da, borroka batean kolpe bat hartuta

Santurtzin izan da, auzokideen arteko liskar batean. Ertzaintzak 42 urteko gizon bat atxilotu du, hilketa delitu bat leporatuta

Santurtzin, liskarra izandako etxea. LUIS TEJIDO / EFE.
Erredakzioa
Bilbo
2019ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
81 urteko gizon bat zendu da Santurtzin (Bizkaia), bizilagunen arteko borroka batean buruan kolpe bat hartuta. Astelehen arratsaldean gertatu zen liskarra, baina gizona atzo goizaldean hil zen, Gurutzetako ospitalean (Barakaldo, Bizkaia). Ertzaintzak 42 urteko gizonezko bat atxilotu du, hilketa egotzita.

Ertzaintzako eta Santurtziko Udaleko iturriek azaldu dutenez, astelehenean izan zen liskarra, 17:00 aldera, Larrarte Anaiak kalean. Atxilotutako bizilaguna hildakoaren etxera joan zen, han egiten ari ziren zarataz kexatzera. Kexuan joandako bizilaguna eta etxean bizi ziren hiru pertsonak eztabaidan hasi ziren, eta gero borrokan hasi ziren. Liskarrean zeudela, 81 urteko gizona lurrera erori zen, eta kolpe bat hartu zuen buruan. Gurutzetara eraman zuten, baina medikuek ezin izan zioten bizia salbatu: atzo goizaldean zendu zen.

Senideen salaketa

Hildakoaren senideek salaketa bat aurkeztu zuten atzo Santurtziko Udaltzaingoan; Ertzaintzak bere gain hartu zuen ikerketa, eta kexatzera joandako bizilaguna atzeman zuen. 42 urteko gizonezko bat da, aurrekaririk gabekoa. Homizidio delitu bat leporatu diote. Udaltzainek jakinarazi dute eraikin horretako bizilagunak behin baino gehiagotan kexatu izan direla hildakoaren etxekoekin izandako «bizikidetza arazoez».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.