Dabid Gonzalez. Berri Otxoak taldeko kidea

«Diru laguntzarik gabe, kaleratzeak gero eta gehiago izango dira»

BERRIA.
Olatz Silva Rodrigo.
2022ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Berri Otxoak taldeak elkarretaratzea egin zuen atzo, Amaia Egaña oroitzeko. «Azken finean, hilketa bat izan zen», adierazi du Dabid Gonzalez (Barakaldo, 1975) bertako kideak. Etxebizitza eskubidea aldarrikatu dute, «Amaiaren kasua azkena izan dadin».

Zein da Barakaldoko egoera?

Hamar urte hauetan 2.027 familia etxegabetu dituzte. Astean lau familia geratzen dira kalean herrian. Hori basakeria bat da. Laguntzak murriztu dituzte: larrialdietarako laguntzen epea gutxienez lau hilabetez egongo da itxita, baina etengabe beharko luke zabalik. Familiek laguntzak behar dituzte alokairua ordaintzeko; diru sarrera horiek gabe, kaleratzeak gero eta gehiago izango dira.

Ez da ezer aldatu?

Hamar urtean, egoera aldatu da, baina ez da hobetu. Etxegabetzeen kopurua gero eta handiagoa da. Amaia hil zenean, kaleratze gehienak etxeetako jabeek jasaten zituzten; orain, ordea, maizterrek. Izan ere, etxe kaleratzeen %87 alokatutako etxeetan gertatzen dira. Barakaldoko egoera kaxkarra da: pobreziaren indizeak gero eta altuagoak dira. Gero eta pertsona gehiagok alokatzen dute etxea, ezin dutelako erosi.

2012an, alderdi politiko, sindikatu eta plataformek etxe kaleratzeak amaitzeko eta legea aldatzeko eskatu zuten. Bete al da?

Protokolo bat zehaztu zuten 2013an, eta 2019an berritu zuten Eusko Jaurlaritzak, Eudelek eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak. Protokoloak dio gizarte zerbitzuek berehalako erantzuna eman behar dutela eta premiaz jardun behar dutela, alokairu sozialeko erregimeneko etxebizitza bermatzeko. Arazoa da ez dela betetzen. Familiak hilabeteak egon daitezke etxe soziala itxaroten. Eta gero ezin dute alokairua ordaindu, diru laguntzak ez direlako nahikoa, lan baldintzak oso prekarioak direlako eta jendearen soldatak ez direlako nahikoa. Euskal Herrian, Ezkerraldea da eskualde pobreenetarikoa: langabezia tasa altua du, eta prekaritate handia. Horregatik, etxegabetze gehiago jasaten ditugu Ezkerraldean beste eskualdeetan baino.

Zein da konponbidea?

Kaleratzeak jasaten dituzten pertsonak berehala jarri behar dituzte beste nonbait, baina ez dute hori egiten. Normalean, ume txikiak daudenean egiten dute, baina, etxe bat bermatu beharrean, ostatu batera eramaten dituzte. Plangintza hori prekarioa da, ez baitu zehazten zer gertatuko den kaleratzen dituzten familiekin. Haien egonkortasuna bertan behera geratzen da. Agian beste auzo edo hiri batera mugitu behar dute, eta horrek dakar haurrek eskolara joateko arazoak izatea, edota pediatra aldatu behar izatea, esaterako. Oso zaila da bizitza normalizatu bat edukitzea.

Herritarrek jarrera aldatu dute etxe kaleratzeen inguruan?

Amaiarena gogorra izan zen herritarrentzat: gertatzen ari zenaz jabetzeko astindu bat. Gero eta gehiago dira kaleratzeak, eta jendea jabetzen da arazo bat dagoela. Gizartea aktibatu behar dugu, instituzioengan presioa egiteko eta etxebizitza guztion eskubidea dela aldarrikatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.