Zaldibarko luiziaren ikerketa hiru adituren esku utzi du Jaurlaritzak

inaki petxarroman
2020ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak hiru adituri agindu die ikertzeko zergatik amildu zen Verter Recycling 2002 SM-k Zaldibarren (Bizkaia) zuen zabortegia. Hain zuzen ere, hiru adituk egingo dute peritu ikerketa, gobernuaren eskariz: Eduardo Alonso Perez de Agredak (Bartzelonako Unibertsitate Politeknikoko katedraduna), Cesar Sagasetak (Bide ingeniari eta Kantabriako Unibertsitateko irakasle emeritua) eta Jorge Cañizalek (Bide Ingeniaritzako doktore eta Kantabriako Unibertsitateko irakaslea).

Haiekin batera arituko da aditu talde bat ere, informazio guztia aztertzen. Jaurlaritzak jakinarazi duenez, adituak martxoaren 17tik ari dira peritu ikerketa egiten: besteak beste, kolapsoaren aurreko informazioa, luiziaren ondorengo topografia eta hiru dimentsioko ereduak aztertzen. Horrek aukera emango die zehazteko zergatik erori zen zaborra, betiere Efe informazio agentziak Jaurlaritzaren iturriak aipatuta zabaldu duenez.

Aditu taldea zabortegia zabaldu zenetik izandako jardunak ere ari da ikertzen, urtero zenbat zabor isuri den, esate baterako, eta euren eredu geomekanikoaren arabera sailkatzen. Laborategian hainbat proba egingo dituzte. Informazio horrekin guztiarekin, txosten bat egingo dute zabortegia zergatik erori zen argitzeko. Peritu txosten horren berri Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Saileko sailburuorde Elena Morenok jakinarazi dio Durangoko Epaitegiari. Hain zuzen ere, epaitegi hori ikertzen ari da hondamendia, lan arloko agintariekin batera. Morenok berretsi egin du desagertutako bi langileak bilatzeko ahalegina, baina gaineratu du uste dutela badela garaia argitzeko zergatik gertatu zen luizia.

Langileak desagertuta

Jakinekoa denez, otsailaren 6an erori zen Verter Recycling 2020 enpresak kudeatutako zabortegia. Amiltze hartan desagertu ziren Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran langileak, eta oraindik haien bila dabiltza. Hondamendi horren ondoren, jakin zen enpresa kudeatzaileak hainbat irregulartasun eginak zituela, eta Jaurlaritzak haietako batzuk atzeman zituela: besteak beste, hondakinak bereizi gabe isuri eta baimendu gabeko materialak besteekin nahastu; adibidez, amiantoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.