Ezkirotzeko Loxinek 40 kaleratze egin nahi ditu

xabier martin
2018ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Ezkirotzeko Loxin robotika esparruko enpresa kudeatzen duen multinazionalak jarduera erabat txikitzeko asmoa dauka Nafarroako lantegian. Joan den apirilaren 19an, langile batzordeari jakinarazi zion erregulazio dosierra aurkeztuko duela;neurri horrek 40 langile kaleratuko lituzke 64ko taldetik. ELA sindikatuak—lantegiko bost ordezkariak dauzka uste du erabaki hori «lekualdatze eta azpikontratazio kasu argi bat» dela, eta Nafarroako Gobernuari eskatu dio «soluzio bat lehenbailehen».

Gaurko Loxin Nafarroako enpresa da jatorrian, baina Kataluniako Aritex taldeak eskuratu zuen orain urte batzuk, eta hura Txinako multinazional batena da gaur egun. «Erregulazio dosierraren helburua da 40 langile kaleratzea Ezkirotzeko plantan, haren lan karga Txinako multinazional horren beste lantegietara eramateko, eta zati bat azpikontratatzeko», esplikatu zuen ELAk atzo; «beraz, lekualdatze eta azpikontratazio prozesu argi bat da hau, kaleratzeen bidezkoa».

«Enpleguari eusteko» antolatzen hasi dira Ezkirotzeko lantegian, eta bi orduko lanuztea egin zuten atzo bertan, 10:00etatik 12:00etara. Bihar, berriz, Nafarroako Parlamentuaren aurrean elkarretaratuko dira, eta lanuztea egingo dute berriro. Sindikatuak Nafarroako Gobernuak esku hartzea nahi du, «enplegua bermatzeko», eta Garapen Ekonomikoko arduradunekin batzarra eskatu du.

Robotikan jarduten du Loxinek, aeronautikaren sektorean; «I+G atalean balio erantsi handikoa da, eta 4.0 industrian sartzen da bete-betean». Nafarroako Gobernuarentzat «estrategikoa beharko luke sektore horrek», ELAren ustez. Horregatik, haren esku hartzea nahi du, «proiektu bideragarri bat berma dadin». Loxinek ez badio uko egiten lantaldearen hiru heren kaleratzeari, ELAk mobilizazio gehiagora deituko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.