ATZEKOZ AURRERA

Ez altxatu eskurik

Irizar e-mobility enpresaren Adunako egoitzan ekoitzitako autobus elektrikoak inguruko herri eta errepideetan probatzen dituzte, hainbaten ikusmina, harridura eta miresmena sortuz.

Adunako egoitzatik ateratako autobusa, errepidean. MAIALEN ANDRES / FOKU.
enekoitz telleria sarriegi
Aduna
2021eko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Gidaria ez da geldituko, tamalez. Ez altxatu eskurik, eta ez egin autobusaren atzetik alferrikako korrika saiorik. Urrutiko hirien izenak dituzte jarrita; distiratsu eta berri usainez doaz errepidean aurrera, energiaz elektriko, zarataz leun eta mugimenduz dotore. Etxe ondoko geltokian hartu eta beste mundu batzuetara joateko tentazio bihurtudira. Nora doaz, ordea? Zergatik dabiltza hemen? Nork gidatzen ditu? Zertarako? Kuriositateak ez du beti saririk izaten, eta galderek ere ez beti erantzunik. Oraingoan bai, ordea. Aduna (Gipuzkoa) eta inguruetako herri eta errepideetan ikusten diren autobus eder eta galant horiek Irizar e-mobility enpresakoak dira, eta haietako batean egin du bidaia BERRIAk, Imanol Rego Irizar e-mobility-ko zuzendari nagusiarekin eta Erik Fernandez gidariarekin.

«Probatuko dugun hau Bulgariako Burgas hirira joango da. Inoiz ez da gure autobusik horren urrutira iritsi», nabarmendu du Imanol Regok. Bokazio pedagogikoz mintzo den horietakoa da Irizar e-mobility-ko zuzendari nagusia, eta kazetaririk xumeenari bezerorik handienaren pareko aurkezpena egin dio, bakarka, egoitzako pantaila nagusietan.

Iazko irailean hartu zuen zuzendari nagusi kargua Regok. Schneider Electric enpresan ardura postuetan hamalau urte egin ondotik, «sustraietara» bueltatzea erabaki zuen ingeniari donostiarrak: Paristik Adunara. «Bizitzan erabakiak hartu behar dira, eta nik nire seme-alabak hemen egotea nahi nuen. Proiektu honetarako deitu zidaten, gustatu zitzaidan, eta etxera bueltatzea erabaki nuen». Eta «gustura» ari da Adunan. Oso talde gaztea dutela dio, eta bera etorri denetik igo dela batez besteko adina. «Kontsolidazio fasean» ikusten du Irizar e-mobilty: pandemiak ez die eragin eskarietan, eta 2022ra arteko aurreikuspenak beteta dituzte.

Irizarren «sinaduraz» mintzo da Rego: «Diseinua eta teknologia dira». Adunakoa da Europako lehen elektromugikortasun lantegia; hiri autobus elektrikoak ekoizten dituzte, baita hirietako hondakinak-eta jasotzeko kamioi elektrikoak ere: Irizar Ie Tram, Ie Bus eta Ie Truck dira kume kutunak. «Irisgarritasunaren» eta «konektibitatearen» garrantziaz ari da Rego, euren karga sistemez eta bateria propioez. «Bakarrak» izatearen eta dena «bertakoa» izatearen garrantziaz.

Autobusa atarian

Atarian daude zain Irizar Ie busa eta Erik Fernandez gidaria. Lau lagunez osatutako gidari taldea dute Adunan. Haien ardura da han ekoitzitakoak probatzea, eta akatsak detektatu eta jakinaraztea. Lantegiaren inguruan zirkuitu konbinatu bat dute jarrita, balaztak eta motelgailuak probatzeko, ateetako sistemak badabiltzala ikusteko... Zortzi buelta ematen dizkiote autobusari lehen egunean, eta beste zortzi bigarrenean. Errepidera doaz hurrena.

Matrikula jartzea lehenengo lana. «Zenbait lagun joan gaitezke matrikula horrekin, Erik?», Regoren galdera. «Hiru lagun gehienera jota», erantzuna. Berri usaina dario busari. Diseinu goxoa eta argia dauka. «Organikoa», Regok zehaztu duenez.

Adunatik Urnietara edo Hernanira, eta buelta. Hori da «normalean» egiten duten bidea. Eta sortzen dute, bai, ikusmina. «Gertatu izan zait geltokietan jendeak gelditzeko eskatzea. Edo ikusi izan dut norbait korrika ere autobusa galtzera doalakoan», dio Fernandezek. Ikusmina beste autobus gidarien artean ere: «Lineakoak bagina bezala ezagutu eta agurtzen dugu elkar».

Regoren jarduna baterien autonomiari, elektrizitatea eta gasa konbinatzeari, emisioak zerora ekartzeari, edo oraindik behar beste garatu gabeko hidrogeno bidezko teknologiari buruzkoa da. «Ondo doa autobusa, Erik?», galdera. «Oso ondo» erantzuna. Ezjakin batek esango luke motorrak soinu ona duela. Bada, jakin Irizarren motor elektrikoek ez dutela soinurik, eta, segurtasun arrazoiengatik, autobusa «entzun» dadin, 60-70 dezibeletan motor estandar baten gezurrezko soinua jartzen dietela.

Adunara da buelta, eta Bulgarian hurrengo bidaia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.