ATZEKOZ AURRERA. Mitxel Santamarina. Aktorea

«Inprobisazioa egiten gozatu dut gehien oholtzan»

Santamarinak dio artista asko inprobisatzearen «beldur» direla, baina bera molde horretan dago erosoen. Beste lau aktorerekin batera, 'Improtxou' saioa egingo du bihar Bilboko Areatzan, 17:00etan.

MONIKA DEL VALLE / FOKU.
amaia igartua aristondo
Bilbo
2021eko irailaren 4a
00:00
Entzun
Ikusleek idatzitakoa irakurri, eta hogei segundoan erabakitzen dute Improtxou taldeko kideek nola bideratu ikuskizuna. Mitxel Santamarina aktoreak (Bermeo, Bizkaia, 1985) sortu zuen saioa, beste hainbat artistarekin, eta geroztik aktore asko izan ditu lagun. Bihar, Iñaki Maruri, Leire Orbe, Ismael Pereira eta Diego Perezekin batera ariko da Bilboko Areatzan, 17:00etan.

Zergatik sortu zenuten saioa?

2013an, Madrilgo Jamming taldeko Paula Galimberti Bilboko Pabiloi 6ra etorri zen, inprobisazio ikastaro bat ematera. Lagun mina egin genuen, Alex Antunez eta biok hura ikustera joan ginen Madrilera, eta iruditu zitzaigun Bilbon ere inprobisazio talde bat sortu behar genuela, garai hartan ez zegoelako —gaur egun, bai—. Improtxou osatu genuen Gurutze Beitia, Maribel Salas, Alex Antunez eta laurok.

Aktore asko aritu izan dira. Aldaketek eragin dute ikuskizunean?

Azkenean, taldeak garrantzi handia du; elkar ezagutzeko entrenatzen gara. Ez dugu entseatzen, ezin dugulako.

Ikusleek abiapuntua ematen dute, baina zuen artean adosten duzue nondik jarraitu. Antzeko gaietara jotzeko arriskua dago?

Agian, txiste, harreman edo pertsonaia batzuk errepikatzen dira; adibidez, Iñaki Maruri oso imitatzaile ona da, eta haren pertsonaiak agertzen dira noizbehinka. Egoerak asko aldatzen dira, eta, beste lan batzuk ere baditugunez, saioak ez ditugu egiten hain jarraian; orduan, ahaztu egiten ditugu.

Zeintzuk dira zailtasun nagusiak?

Handiena, aurrez aurrekoa bera, baita denok batera joatea ere. Hori lortzeak du garrantzia; gertatzen denean, magikoa da.

Orokorrean, inprobisazioak beldurra ematen die aktoreei. Hala ere, aurrez aurreko denetan dago inprobisatu behar izateko arriskua.

Guk beti eduki ditugu gonbidatuak gure emanaldietan; gure lagun taldean, aktore asko daude, eta batzuek ez dute etorri nahi izan. Aktore batzuei beldurra ematen die; niri, ez: inprobisatzen gozatu dut gehien oholtza gainean. Jamming taldearekin ikuskizun bat egin nuen Bilboko Campos antzokian, eta nire boladarik onenetakoa izan zen: aktore moduan izandako lehen esperientzia etorri zitzaidan burura. Gernikan [Bizkaia] izan zen: Sol Magun irakaslearekin eszena batzuk egin nituen. Agertokira atera nintzenean, jendea txaloka hasi zen ni hitz egiten hasi baino lehen. Eta esan nuen: 'Oholtza gainean egon nahi dut beti'. Campos antzokian, hori bera sentitu nuen.

Inprobisazioari duena baino garrantzi txikiagoa ematen diote?

Ez dut uste. Ikusleak ikusten du zelako lana dagoen. Umorearekin eta dramarekin gertatzen da: barrea eragitea erraza dela diote, baina nik uste dut askoz gaitzagoa dela umorea egitea drama baino, erritmo bat dagoelako. Eta inprobisatzean ere badago erritmo hori, eta, aldi berean, istorioa idazten ari zara.

Inprobisazioak askatasun handiagoa ematen dizue? Ez dago gidoirik, zuzendariak zarete...

Askoz ere handiagoa, baina batzuetan kaos bihurtzen da. Ez da erraza neurria hartzea. Baina askatasun handiagoa ematen du: uste dut horregatik nagoela hain eroso hori egiten. Asko inprobisatzen dut, baita gidoia duten obretan ere: ez dauden gauzak sartzen ditut entseguetan edo zuzenean, galak aurkezten ditudanean... Eta ona naiz horretan.

Ikusleei aktibo izatea eskatzen die ikuskizunak. Ezohikoagoa da.

Oholtza gainera ekartzen ditugu, eszenetako soinuak egiten dituzte batzuetan... gerta liteke publikoan zirikatzaile bat egotea, inork baino grazia handiagoa izan nahi, baina batere ez duena; edo, bat-batean, sekulakoa egiten du, eta aurreikusita geneukana aldatu behar dugu...

Aretoetan egin izan duzue saioa; oraingoa aire zabalean izango da... tokiak baldintzatzen du?

Bai. Kalean askoz ere gaitzagoa da, beste estimulu batzuk ditugulako aktoreok eta ikusleek. Baina azkenean burbuila batean sartzen zara, eta areto bat sortzen duzu.

Kaleak ba al du abantailarik?

Biziagoa da. Inprobisatzeko estimulu gehiago ematen dizkizu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.