ATZEKOZ AURRERA. Olatz Idoate. Gure Irratiko esataria

«Bestak politak izan daitezke denak berdin jantzi gabe ere»

Baionako bestetara datozen turistei zein euskaldunei gomendio bera egiten die Idoatek: ongi pasatzea errespetuan, «nahiz eta denek ez dugun errespetuaren zentzu bera».

ISABELLE MIQUELESTORENA.
Baiona
2018ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Beste askok bezala asteazken eguerditik hasten ditu bestak Olatz Idoatek (Baiona, 1972), eta hori da gaur egungo bestetatik aldatuko lukeen gauzetako bat: gaur egun egiten dena ofizializatuko luke, hau da, herriko etxetik botatzen diren giltzak 12:00etan bota.

Noiztik egiten dituzu Baionako bestak?

Txikitatik ibili naiz bestetan, aita-amekin, eta nerabezaroan urtero-urtero. Betidanik erranen nuke.

Nola aldatu dira?

Anitz aldatu dira, eta, bereziki, azken urte hauetan. Txikitako oroitzapenik ez dut hainbeste, baina 16-17 urtetan ateratzen hasi nintzelarik jendea oraindik ez zen zuri-gorriz janzten, gero hasi zen horrekin. Ez zen hainbeste jende, ez zen besta masiboa orain den bezalakoa, eta aski zaila dut erratea baina zikinagoak ziren bestak. Oroitzen naiz langileen peto urdinekin janzten zela jendea eta zikin-zikinak egoten zirela. Gero, hala ere, besta egiteko aukera berberak dituzu urdinez, beltzez, txuriz edo nahi duzun bezala.

Noiz gertatu zen masifikaziorako aldaketa hori?

Aski berria da. Pentsa, 1988an oraindik ez zen batere masiboa, eta handik hamar urtera-edo aldatu zen. Nik beti gogoan dut 2000. urtean urtats gaua Baionako besten seigarren eguna deitu zutela, eta hor bazen jadanik masifikazioa, beraz, pentsatzen dut hortik izan zela aldaketa, 1990eko hamarkada bukaeran. Besta bera ere aldatu da: orain,egunez jende askoz gehiago ateratzen da; lehen gaueko festa bat zen eta ostatuek bazuten egun bat gau guzian irekitzen ahal zutena.

Jantzi aldaketa ere horrekin batera etorri zen?

Bai, berdin. Zerendako? Ez dakit, batzuk jakinen dute ni baino zehazkiago, baina Iruñearen eragina bada, eta beste hainbat teoria ere badaude.

Zein da zurea?

Nire ustez, Iruñearen modeloa segitzeko gogo bat izan da, kopia bat egin da.

Zuri-gorriz janzten zara?

Baionan ez; Iruñean, aldiz, bai. Hemen ez dut ohitura hori izan, eta gero, bat-batean, hasi direlarik zuriz janzten, nire alde errebeldeak erran du ezetz. Jendearekin mintzatzen zara, eta erraten dizu horrela politagoak direla bestak, baina bestak politak izan daitezke denak berdin jantzi gabe ere.

Zer aldatuko zenuke?

Jende gutxiago ekarriko nuke, baina horri buelta ematea zaila da. Orain dela hogei urte egindako promozio kanpainaren ordaina da, eta aurten bi zentzutan gainera. Euskaldun gehiago ekarriko nituzke, kaleko giroa indartuko nuke musikarekin, kanpoko ostatuak ken nitzazke, bozgorailu handi horiek ere, zezenketak ere kenduko nituzke, prezioak apaldu... Ordutegia ere aldatuko nuke, bestak asteazkenean gaueko hamarretan hastea gezur bat da denentzat, eguerdian denak hasiak baitira besta egiten aperitifarekin batera. Gauza pila bat aldatuko nituzke!

Ordaintzea aipatu duzu. Nola ikusten duzu?

Herriko etxeari dirua ekarriko dio. Problematika ez dut zehazki ezagutzen, baina besta ereduari lotua dela iruditzen zait. Segurtasun arazoengatik ordainarazten dute herriko etxeari kario ateratzen zaiolako, baina besta modeloak du hori egiten. Beste besta eredu bat pentsatzen ahal da ordainarazi gabe. Baionarra izanki ez dut ordaintzen, baina ez dut gustukoa neurri hori. Sistema horrekin ez naiz oso eroso sentitzen: ez dakit segituko duen edo ez, esperimentazio bat ote den, baina egia da gero gibelera egitea zaila izaten dela.

Kazetari lanak egin dituzu jadanik bestetan?

Ez, kazetari lanak ez ditut inoiz egin bestetan; oporrak hartzen saiatu naiz beti, eta kausitu dut.

Egingo bazenu, zein albiste eman nahiko zenuke?

Albiste onak. Euskarak presentzia handiagoa izatea bestetan, adibidez. Baionako bestetan, orokorreanhartuta, euskarak presentzia oso txikia du: atzeman nahi duenak topatzen du, baina, hala ere, euskarak oso leku txikia du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.