Alaia Gaztelumendi: «Helburua da ahalik eta gehiena adieraztea»

BERRIA.
2020ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Alaiart proiektuaren atzean dagoen aurpegia da Alaia Gaztelumendi (Oiartzun, Gipuzkoa, 1993): ilustratzailea eta arte hezitzailea. Gogo handiz hartu du egitasmoan parte hartzeko proposamena, eta «erronka polita» dela adierazi du: «Batetik, astez asteko albistearekin loturiko diseinu bat egitean datzalako. Bestetik, oraindik eta erakargarriagoa iruditzen zaidalako diseinuak elastikoetan inprimatzea». Ez du ezustean harrapatu egitasmoaren erritmoak; izan ere, bazuen egitasmoaren berri: «Ezagutzen nuen, eta oso interesgarria iruditu zitzaidan».

Erronka horren parte izango da diseinua pentsatzeko eta sortzeko izango duen epemuga, «denbora gutxian egin beharreko diseinuak direlako eta gai konkretu batzuen inguruko lanketa eskatzen dutelako». Azaldu duenez, ez daki nola sentituko den proposamena aurrean izatean, batez ere jakinik «bi egun besterik» ez duela izango lan hori burutzeko: «Albistearen arabera errazago edo zailago egingo zaidala uste dut, baina gogoz ekingo diot erronkari». Hala ere, epemuga horretan sortzea onuragarria suertatu dakiokeela dio: «Urduritasun apur bat ematen dit denbora murritzaren gaiak, baina, era berean, bizitasuna ematen dio proiektuari».

Ez dago ohituta diseinuak elastikoetan inprimatzeko sortzera, baina ez da lehen aldia izango: «Serigrafia landu izan dut euskarri ugaritan, eta sortze prozesua apur bat desberdina izaten da. Konposizio aldetik eta kolore aldetik sinplifikaziora jotzen da, esentziara. Helburua da ahalik eta gehiena adieraztea, baina elementu eta kolore gutxi erabiliz». Gainera, alderdi estetikoak ere garrantzia duela azpimarratu du, «soinean eramateko diseinuak» direla izaki. Ilusioz ekingo dio proiektuari, eta «poztasuna» sentituko du norbait bere lanaz jantzita ikusten badu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.