ATZEKOZ AURRERA

Edozer bihur daiteke zientzia

Zientzia herritar ororen esku jartzea xede, BBK Open Science jaialdia antolatu dute Bilborock aretoan. Besteak beste, bioartea eta neurozientzia gertutik ezagutzeko aukera dago.

Tailerretako batean mikroskopioak egin dituzte, kartoia, xiringa bat eta laserra erabilita. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Uxue Gutierrez Lorenzo.
Bilbo
2019ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Petaloak, sepaloa, pistiloak, estaminak... denak ala denak dira edozein lorek dituen atalak. Forma, kolore eta ezaugarri ezberdinak izanagatik, biologia komuna dutelandare loredunek. «Askotan, ikasleek animaliekin lotzen dute biologia, eta landareek ez diete pizten interesik». Baieztapen hori buruan bueltaka duela bertaratu da Begoñazpi ikastolako biologia irakasle Leire Gorostidi bioarte tailerrera. Bioarte: Loreak sortzen ageri du eskuorriak, eta izenburuari jarraikiz heldu da Gorostidi ikastarora. Lorategi txiki, sormen areto eta ikasgela bihurtu dute Bilborockeko Lab gela. BBK Open Science jardunaldien barruan antolatu duten zientzia praktika jardueretako bat da. Atzo hasi eta bihar arte iraungo du zientzia egitasmoak.

Botanika eta artea uztartzea helburu, Esther Levigne artistak abiatu du saioa. «Floriografiaz hitz egingo dizuet; loreek duten sinbologiaz. Loreek artearen historianizan duten erabilpena aztertuko dut». Esan eta egin. Bost minutu eskasean, Levignek loreen irudikapenak izan duen bilakaera azaldu du. Loreak mezu ezkutuak helarazteko erabiltzen zirela esan du, irudikapen figuratiboenetatik hasi eta abstrakzio goreneraino. Apurka-apurka zientziaren garapenarekin ere bateratu zela azaldu du, eta gaur denak direla bat. «Zientziak eragin handia izan du egun artea bizitzeko dugun eran. Artista asko gauza harrigarriak egiten ari dira, hein batean, zientziak eman digun jakintzari esker».

Artista berritzaile horietako baten lana nabarmendu du Leivegnek, eta hura izan da tailerraren ardatza: Fong Que Wei. «Artista horrek lorearen atalak banatzen ditu, eta artelan bilakatu. Gainazal lauaren gainean, berriz eratzen du lorea, bi dimentsiotan eta atal bakoitzaren kokalekua errespetatuz». Ivan Larraurik hartu du hitza ondoren, eta azalpen biologikoa eman du. Lorearen atalak aipatu ez ezik, loreen oinarrizko bizi funtzioak laburbildu ditu.

Jarraibideak entzunda, Ainhoa Garcia eta haren seme Adei Urkidi lorea desegiten hasi dira. Tentuz ari dira lorearen atalak banan-banan hartu eta euren erara berriz osatzen. Ostiral goiza den arren, Garciak haurra eskolara ez eramatea erabaki du.«Asko gustatzen zaio zientzia, eta hemen ikasgelan baino gehiago ikasten du; zientziaren aplikazio praktikoa ikusiz, ikas dezake aukera dagoela zientzia egunerokoan baliatzeko». Halere, azalpen guztiak gaztelaniaz eman dituzte, eta kritika egin dio horri Garciak: «Toki guztietan jartzen zuen elebiduna izango zela eta edozein herritarrentzat irekia zela. Orain artekoak gaztelaniaz izan dira, eta ez da erraza bederatzi urteko haur bati zientziako zenbait termino itzultzea».

Gorostidi dute parez pare, eta, Urkidiren eran, hura ere ikastolatik kanpo dabil gaur. Ikasleekin lantzeko ideia aurkitu du tailerrean: «Ikastolan askotan lantzen dugu hainbat diziplina uztartzearen ideia. Kasu honetan, biologia eta plastika bateratzeko aukera dugu». Beste andereño bat ere bada taldean, eta Gorostidirekin bat dator. «Gaztea nintzenean, zientzia urrun gelditzen zitzaidan, baina, irakasle naizenetik, hurbilago nabaritzen dut. Gainera, niretzat plazer hutsa da zientzia eta artea batzea». Lehen hezkuntzako irakaslea da Nerea Artetxe, eta oso interesgarria iruditu zaizkio tailerraren nondik norakoak. «Aurkezpenak bi atal izan ditu; bata, historiko-artistikoa, eta bestea, historiko-biologikoa. Azalpen erraza eta erakargarria izan da». Loreak bukatuta, lanei argazki bana atera diete, eta bertan utzi dituzte.

Etxeko mikroskopioa

Beste alor batera egin dute jauzi ondoren. Beste tailer batek hartu die lekua loreei, eta orain mikroskopio laserrak egiten ikasiko dute partaideek. Loreak egiten ibilitako guztiak daude han, eta baita Gorostidiren lankideak ere. Begoñazpi ikastolako zientzia saileko irakasle guztiak batu dira mikroskopio tailerrean. Orotara, sei dira. Julen Kortajarena mintzatu da denen partez: «Hemen ikasten ditugun gauza guztiak gero ikasgelan ikasleekin aplikatu ahalko ditugu». Egun batez, irakasleak ikasle bihurtu dira, eta barre artean elkar zirikatuz eman dute saioa. «Orain arte egindakoa behintzat nahiko sinplea izan da, etxeko gauzekin egina», gehitu du Kortajarenak. Izan ere, laserra salbu, oinarrizko materialekin osatu dute mikroskopioa: xiringa, kartoia, zeloa eta artaziak. Kartoi zatiarekin hiruki bat eratu, eta bi zulo egin dizkiote. Xiringan listua sartu, eta zulo batean jarri dute. Bestean, laserra. Horrela, xiringa barruko partikulak horman proiektatu dituzte, laginari behatu ahal izateko.

Betaurreko berde bereziak jarrita, Urkidi liluratuta ari da hormari begira. «Gaur bere eguna da», esan du Garcia amak, harro. Larrauri du alboan, eta jardunaldien xedea laburbildu du: «Zientzia herritarrengana hurbiltzea. Jendeak zientzia gozatu, konpartitu eta erabil dezan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.