ATZEKOZ AURRERA. Julen Axpe. Umorista

«Nire bizitzarekin komedia egitea terapia bat da»

Bartzelonan bizi den arren, edonon sentitzen da etxean otxandiarra, etxea berarekin baitarama doan lekura doala: furgoneta batean bizi da. Han egiten ditu umorezko bakarrizketak ere.

ENDIKA PORTILLO / FOKU.
jone arruabarrena
Otxandio
2020ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Futbol jokalari izateko asmotan joan zen Bartzelonara Julen Axpe (Otxandio, Bizkaia, 1995). Orain, etxe eta lantoki duen furgoneta batean bueltatu da jaioterrira, han muntatu duen agertokian bakarrizketak eginez. Hala ere, antzokiak zabaldu bezain laster Bartzelonara bueltatzeko asmoa dauka; Furgonologo izeneko ikuskizuna abiatzeko dauka oraindik.

Zer da, zehazki, Furgonologo?

Furgonetan bizitzen hasi nintzenez, kontzeptu hori sortu nuen. Azken finean, gurpildun areto bat. Furgonetan aldaketa batzuk egin, eta areto txiki bat jarri dezaket orain. Beste lagun batekin batera joaten naiz furgonetan, eta leku bakoitzean aretoa muntatu eta antzezten dugu.

Nola bururatu zitzaizun furgonetan umorea egitea?

Ez nuen nahi pisu batean giltzapetuta egoterik, ez eta egun osoa lanean ibiltzerik ere pisuaren alokairua ordaintzeko. Zortea izan nuen, etxean furgoneta bat geneukalako, eta otu zitzaidan Bartzelonara joan eta furgonetan bertan bizi nintekeela. Hasieran, hilabete baterako joan nintzen, baina, azkenean, urte osorako geratu nintzen han.

Nola antolatzen da bizitza furgoneta batean?

Furgonetarekin Bartzelonara joan nintzenean, argi neukan errutina bat aurkitu behar nuela bizitza estilo hori aurrera eraman ahal izateko. Eskola bateko jantokian hasi nintzen lanean, monitore. Lana egitearekin batera, bazkaria ere ematen zidaten jantokian, eta horrela ez neukan zertan furgonetan kozinatu. Futbolean jokatzen ere jarraitzen nuen, eta arratsaldetan, entrenatzera joan ondoren, hango aldageletan dutxatzeko aprobetxatzen nuen. Beraz, esan daiteke furgonetan bizi naizela, baina pentsio osoa ordainduta daukat!

Furgonetan bizitakoak ere umorea egiteko baliatzen dituzu.

Beti saiatzen naiz bakarrizketak nire egunerokotasunean edo bizitza ikusteko daukadan moduan oinarritzen.

Zure Instagram kontuan ere arrakasta daukate egunero gertatzen zaizkizun gorabeherei buruzko bideoek.

Egunerokoan gertatutakoari buruz egiten ditudan hausnarketak izaten dira. Hori da bakarrizketetatik gehien gustatzen zaidana: terapia eta hausnarketa etengabe bat dela niretzat. Nire bizitzarekin komedia egiteak on egiten dit.

Bartzelonan daukazu bizitokia, baina Otxandion zaude orain. Zer dela eta?

Unibertsoak tibia apurtu bat ekarri didalako. Eta, horri esker, hemen nago orain. Futbolean nenbilela hautsi nuen, eta gurasoenera bueltatu behar izan dut berriz, Otxandiora. Orain arte, bakarrizketak egiten ibili naiz; ikuskizun bat daukagu larunbatetan Bartzelonan. Hala ere, zortea eduki dut, antzokiak itxi baitituzte, eta ondo etorri zait tibia apurtzea, baja kobratu ahal izateko.

Lehen Hezkuntza ikasten hasi zinen. Nola bukatu zenuen gero umorista moduan?

Lehen Hezkuntza ikasten hasi nintzen, bai, baina hirugarren urtean gradua utzi eta Bartzelonara joan nintzen lehen aldiz, futbol jokalari izateko ametsari jarraika. Han ikusi nuen futbolari gisa ez neukala etorkizunik, baina futbolean jokatzen ari nintzen bitartean antzerki ikastaro batean izena eman nuen, eta asko gustatu zitzaidan. Horri jarraituz, ikuskizun bat sortu nuen beste bi lagunekin batera, eta horrela hasi nintzen antzokietan antzezten, futbola alde batera utzita.

Hala ere, Euskal Herrira bueltatu zinen gero.

Bai. Hasieran, Bartzelonara joan nintzenean, pisu batean bizi nintzen. Gero, han bi urte egin ondoren, Lehen Hezkuntzako gradua bukatzera bueltatu nintzen Euskal Herrira, eta, hemen nengoela, erabaki nuen Bartzelonara bueltatu nahi nuela furgonetan, bakarrizketak egitera.

Zer asmo daukazu orain?

Udaberri honetarako bira bat aurreikusita daukagu, Euskal Herri osoan eta baita Espainiako zenbait lekutan ere. Bi gauzak egiten jarraitzea da nire asmoa: furgonetan bira hori egin, eta Bartzelonan asteroko ikuskizunarekin jarraitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.