ATZEKOZ AURRERA

Euskara bahiturik dute

Bilboko Euskararen Interpretazio Zentroak Euskal Alien Nazioa ihes gela ondu du. Parte hartzaileek euskarari lotutako zientzia fikziozko misterio bat askatu behar dute.

Estralurtarrek euskara bahitu dute, eta, hura askatzeko, hainbat zeregin dituzte parte hartzaileek. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Zihara Jainaga Larrinaga.
Bilbo
2021eko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Euskararekiko miresmenak itsututa, estralurtarrak iritsi berri dira Euskal Herrira. Haien espaziontzia Euskal Herriko txoko guztietatik ikus daiteke, eta helburua argia dute: euskara hartu eta haien bizilekura eraman nahi dute. Andoitz Horrillo, Markel Ruiz, Maitane Salazar eta Meiya Salaberria bizkaitarrak errealizazio ikasleak dira, baina ostegunean euskararen askapenerako agente konprometitu bihurtu ziren. Hori horrela, zeregin garrantzitsu bat izan zuten, estralurtarrek haien espaziontzian gordetako euskara lau haizeetara zabaltzea. Hain zuzen, hori guztia Bilbon dagoen Euskararen Etxeko lehenengo solairuan gertatu zen, ostegun arratsaldean. Horrillo, Ruiz, Salazar eta Salaberriak 2155. urtera bidaiatu, eta Euskal Alien Nazioa ihes gelan murgildu ziren, helburu nagusi batekin: bertatik ihes egitea.

Esperientzia berri bat bizitzekourduri baina gogotsu sartu dira lau gazteak. Aurretik 45 minutu dituzte, euskarak bizirik iraun dezan zeregin garrantzitsua konplitzeko. Atzerako kontaketaadierazten duen erloju bat dute horman. Hala dio: «Oren guziek dute gizona kolpatzen, azkenekoak du hobirat egortzen». Ezertan hasi aurretik ihes gelako arduradunak halako esperientziarik egin duten galdetu die parte hartzaileei —bik baietz erantzun dute— eta bide batez, zenbait ohar egin dizkie: «Proba fisikoak eta pentsatzekoak egin beharko dituzue», «apunteak hartuz errazago egingo zaizue ihes egitea», «galdetzea doakoa da».

Euskara arriskuan

Zalantza guztiak uxatuta, bideo labur bat ikusi ostean hasi da jolasa, eta ihes gela guztien gisara, informazioa emango dien elementuak bilatzen hasi dira. Halako eta bestelako piezak bildu dituzte eserleku batean, elementu batzuek piezak osatzeko balio dute, besteak aurrera jarraitzeko giltza dira. Bi zati ditu ihes gelak eta lehen gunetik irteteko giltzarrapo bat ireki behar dute parte hartzaileek. Baina giltzak falta zaizkie. Azkar konturatu dira segurtasun kaxa bat zegoela, lau zenbakiko segurtasun kode batekin. Lehen helburua: lau kodeak asmatzea.

Batera eta bestera dabiltza gazteak, dagoeneko ukitu dute gelan dagoen dena, eta arrasto berberei bueltaka ari dira, baina ez dute lortzen aurrera egitea. «Zer galduak gauden», bota du Salazarrek; «Akitania, Akitania da gakoa», erantzun dio Horrillok.Etengabe zenbaki konbinazio aukerak ari dira probatzen. «Ea, pentsa dezagun ondo, zer dugu orain arte?», galdetu du Ruizek.

Euskara estralurtarrek bezala, haiek ere bahituta sentitzen dira. «Arrasto gehiago behar dugu», amore ematen hasia da Ruiz. Halako batean, baxu xuxurlatzen duen ahots bat entzun da gelan. Arrasto bat eman die. Beste bat. Azkenean soluzioa. Urte bat da emaitza. Gazteak ez zebiltzan gaizki, hasieratik aritu dira urteak sartzen segurtasun kutxan, baina ez dira fin ibili. Matematika eragiketak ere egitera ausartu dira, baina alferrik. Euskararen historian urte garrantzitsu eta mugarria asmatu behar zuten mailaz igarotzeko.

Zabaldu dute giltzarrapoa eta korridore luze batean sartu dira. Iluntasunean, espaziontzi bat irudikatzen du korridoreak. Hortaz, lortu dute espaziontzian sartzea, orain euskara askatu behar dute, eta, horretarako, hainbat zeregin dituzte. Ontziko leihoetan hamar pantaila daude, eta horietatik seik dituzte zereginak. Hala, pantaila bakoitzean letra bat eskuratuko dute, hitz bat osatzeko. Hitz horrekin, atea zabaldu duten giltzarrapoa ireki, eta euskara beren eskuetan izango dute.

Arantzazuko (Gipuzkoa) Santutegiaren irudi batek ematen du lehen hizkia; aurrean galderak dituen pantaila bat dago: «Amerikako Estatu Batuetako zein tokitan ospatzen da bost urtean behin Jaialdia?», horixe galderetako bat; ondoan bineta bat: «eta hemendik nola atera daiteke hizki bat?», esan du Horrillok. Korridorearen beste aldean, euskalkien mapa bat. Leiho baten aurrean hala esan du Ruizek: «Hemen hizki bat dago, baina ebidenteegia da, ezta? Ez da hain erraza izango!». Azkenik hitz elkartuen hizki salda bat eta hieroglifo bat asmatu beharko dituzte.

«Lana banatu» gomendioa eman die ihes gelako arduradunak kanpotik, eta handik gutxira oharra: «Hamar minutu gelditzen dira». Oraingoz sei hizkietatik bizpahiru asmatzea lortu dute, beste erdiak gelditzen zaizkie eta desesperatzen hasita laguntza eskatzea erabaki dute. Jaso dute laguntza pixka bat, baina ez zaie aski izan.

Alarma piztu da. Bukatu da denbora. Misioak porrot egin du. Horrillo, Ruiz, Salaberria eta Salazarrek ez dute lortu euskara estralurtarren eskuetatik askatzea, baina ez zaie asko falta izan. «Ia-ia lortu duzue». Horregatik, azken mezua irakurtzeko aukera eman diete antolatzaileek. Eskertu nahi izan dute euskara herritarrei berreskuratzeko egindako lana. Hala, irteerako atea gurutzatuta 2021. urtera itzuli dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.