ATZEKOZ AURRERA

Etorkizunak agerrarazitakoa

BBK fundazioak 'Bihar' eskultura jarri du Bilboko itsasadarrean, «lehiakortasun jasangarria» hizpide duen kanpaina baten harira. Ruben Orozco artistak sortu du artelana.

Bihar eskultura hiperrealista eta hari eusten dion egitura, Bilboko itsasadarrean, herenegun. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
amaia igartua aristondo
Bilbo
2021eko irailaren 24a
00:00
Entzun

Orduak urpean igaro ondoren, ostera ere azaleratu da burutzarra Bilboko itsasadarrean: goizeko mareabeherak agerian utzi du neskaren sudur punta aurrena, bisaia osoa eta ilea 11:00 aldera, eta artelanari eusten dion egitura metalikoa azkenik, eguerdian. Gaztearen aurpegiera kezkatuak eta itsas mailaren gertutasunak estutasuna iradokitzen dute, itotzear dagoela dirudi, edo itotzetik supituki salbatuta, baina, edonola ere, halabeharrez erakartzen du ezbehar saihetsezinak: herenegun goizaldean jarri zuten Ruben Orozco mexikarraren Bihar pieza, 120 kiloko eskultura hiperrealista, eta ikusle andana bat gerturatu zitzaion, agerraldiarekiko jakin-minarekin. Hasieran, BBK fundazioaren kanpaina bati zegokiola baino ez zen jakinarazi.

[YouTube]https://youtu.be/TwKkEeAkNcw[/YouTube]

Bigarren egunean, han dirau oraindik erretxinaz eta beira zuntzez eginiko obrak, Zubizuriren aldamenean eta bi segurtasun buia deigarriren artean; inguruan dago jendea ere, aurreko egunean bezala: pasealekuko barandari helduta, giza harresi moduko bat osatu dute neskaren begirada erregutzailearen aurrean, etengabean berritzen ari den murrua: argazki bat atera, eta aurrera jarraitzen dute ikusnahiek; haiek utzitako tokia berehala okupatzen du besteren batek, eskuko telefonoa prest duela.

Carlos Arbizu obrari so dago farol baten paretik, eta argazkiak ateratzen ere ari da. Aurreko egunean ikusi zuen artelanaren argazkia, eta aldamenetik pasatu da goizean goiz, baina urek gordea zuten oraindik. «Ez zen ikusten, erabat estalita zegoen, eta imajinatu dut lapurtu egin dutela. Baina marea jaitsi denean, atera da poliki-poliki». Eskulturak «arreta piztu» dio, baina ez daki ezer hartaz: ez nork ondu duen, ez zertarako. Esanahia ere ez du batere argi, baina saiatu da interpretazio bat egiten. «Ura leporaino heltzen zaioenez, suposatzen dut larri-larri dabilela, ur azalera irteteko ahaleginetan».

Bestalde, «omenaldi» traza hartu diote Mari Carmen Beneitek eta Pilar Tajada Sanchezek. Ez dira bilbotarrak, turistak baizik, eta, hortaz, begitandu zaie izan litekeela tokiko erreferentzia bat, eurek ulertu ez, baina bilbotarrei ezaguna egingo zaiena. «Gizon aurpegia du, eta emakumezko ezpainak», adierazi du Tajadak, agerikotik tira eginez azalpen bat taxutzeko asmoarekin.

Arbizuri jazo bezala, itsasadarrak utzi dienean ikusi ahal izan dute artelana bi emakumeek, eta hori ondorioztatu dute, Beneitek azaldu duenez: «Harritu gaitu ez dakigulako zergatik dagoen itsasadarraren barruan. Izan daiteke Bilborekin edo itsasadarrarekin zerikusia duen zerbait omentzeko». «Susperraldi» bat iradokitzen dio artelanak. «Marea jaistean, norbait berragertzen da, agian emozionalki».

Eskulturaren berri egunkarian izan du Maria Rosa Bermejok, eta hura ikustera joan da itsasadarrera. Gogoratzen da Orozcok duela urte batzuk egindakoaz, hiperrealista hura ere, eta BBK fundazioak enkargatutakoa, orobat: adinekoen bakardadeaz hausnartzen zuen Bakardadean hildako azken pertsona. «Oso ona iruditzen zait oraingoa, bestea bezala. Originala da, ezohikoa; gustatzen zait».

Nievesi ere kosta egiten zaio buruarentzako azalpenik topatzea. Ez zuen eskulturaren berri, harekin topo egin du bat-batean, paseatzen ari zela, eta nabari zaio zurtuta geratu dela. «Harritzen duen hiperrealismoa da. Erakartzen nauen hermetismo bat du begiradan». Hori izan da lehen begi kolpeak eragin dion erreakzioa, baina hura mamurtu behar duela dio. «Hausnartu beharra daukat. Argazki bat atera diot, berriro ikusi ahal izateko; bihar ere etorriko naiz, eta agian iritzi osatuago bat edukiko dut». Oraingoz, irizpidea behintzat badu: «Kontenplazioaren bitartez pertsonen kuriositatea pizten duen oro iruditzen zait ona».

Etorkizuna jopuntuan

Ibiltarien zalantzak argitu zituen BBK fundazioak atzo, kanpainaren nondik norakoak xehatu baitzituen prentsa ohar batean. Bihar: geroa aukeratu izena jarri diote egitasmoari, eta, izenak iradokitzen duen moduan, etorkizuna du jomugan. «Lehiakortasun jasangarria» du hizpide kanpainak, zehazki. «Kontzeptu hori ulertzen dugu eredu sozioekonomiko baten moduan, zeinak lehenesten baituen ongizate estatua ekonomia hutsaren aurretik, bizitzako eremu eta rol guztietan».

Hori islatzeko, neska baten irudia hautatu, eta mareen mugimendua metafora gisa baliatu dute. «Itsasadarreko mareagora eta mareabeheren bidez denboraren etengabeko bilakaera islatzen da, eta hartuko ditugun erabakiekiko ikusmina adierazten dute, horiek determinatuko baitute hondoratuta biziko garen, edo ur gainean».

Pelikula labur batek biribiltzen du erakundearen kanpaina, distopia kutsukoa: etorkizun posible bat agertzen du, lehiakortasun jasangarria aukeratu ezean jazo litekeena, hain zuzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.