Albistea entzun

ATZEKOZ AURRERA

Ipuinen uretan murgildurik

Iruñerriko zenbait ikastetxetako haurrek ipuin kontaketa bat eta ilustrazio tailer bat izan dituzte Kondestablearen jauregian, Karrikiri elkartearen 'Ipuingarria izango da' egitasmoan.
Ines Bengoa, haurrei <em>Pintzel magikoa</em> ipuina kontatzen.
Ines Bengoa, haurrei Pintzel magikoa ipuina kontatzen. IÑIGO URIZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Iker Tubia -

2021eko azaroak 6 - Iruñea

Bazen behin, Iruñeko jauregi batean, ipuinen munduan murgildu nahi zuten haur talde bat. Goiz fresko hartan, Amaiur eta San Frantzisko ikastetxeetatik abiatu ziren Kondestablearen jauregira, Ipuingarria izango da egitasmoan parte hartzeko. Ailegatzerako, Amaia Elizagoien ipuin kontalaria eta egitasmoko antolatzailea zuten atarian, esperoan. Lasai mintzatu zitzaien: «Orain, isil-isilik sartuko gara, museo batean gaudelako. Bidean, itsasoa ikusiko duzue koadroetan. Begiratu eta gozatu». XVI. mendeko harrizko barne patioa gurutzatzerakoan, alderik alde ikusi zituzten Pikabearen margolanak, zetorrenaren iragarle. Bidaia bat egin baitzuten, atzo; ipuinen itsaso zabalean murgildu ziren ordu batez.

Karrikirik antolatutako egitasmoan, batzuk bigarren solairura igo ziren; besteak, sotora jaitsi. Goian pintzelak, margoak, kartulinak, guraizeak eta argazkiak zituzten mahaian txukun paratuta. Miren Asiain ilustratzailearekin elkartu ziren aretoan. Galderekin hasi zen ilustrazio tailerra: «Zer da ilustratzaile izatea?». Asiainek eman zizkien gakoetako batzuk: «Ipuinetan hitzen bidez kontatzen dira istorioak, baina baita irudien bidez ere». Azken batean, irudien bidez «gauza asko» kontatu daitekeela azaldu zien.

Segidan, erretratu bat egiteko eskatu zien ikasleei. Aurretik eskatu zieten nork bere argazkia eramateko. Une hartan, giroa bare sumatu zen; nor bere paper zurian murgildu zen. «Eguzki bat margotu dut, betaurrekoekin eta kopeta ileekin. Arraroa da eguzkitarako betaurrekoak eramatea, bera delako Eguzkia», kontatu zuen Valeria Sangalok.

Asiainen begiradapean ari ziren haurrak, baina erabateko askatasunez. «Oroitu kartulinak erabil ditzakezuela», batzuetan aholkuak tartekatu ziren. «Argazkia itsats dezakezu». Orain kolore hau, gero beste hura; azkenerako, denek bazuten haien erretratua. «Emaitzak beti dira bitxiak, oso libreak direlako haurrak», kontatu zuen ilustratzaileak. Maite Mutuberriak antolatu zuen tailerra, baina Asiainek ordezkatu behar izan zuen.

Sar dadila kalabazan

Ordu erdiko saioaren ondotik, jauregiko eskailera guziak jaitsita, argi leuneko areto goxo batean sartu ziren. Erdian, harrizko bi zutabe, eta, haien artean, zenbait liburu zintzilik zituen soka bat. Haien azpian eseri ziren ipuina aditzera joandakoak. Hiru ipuin kontatu zizkien Ines Bengoak: Mattinen beldur-kutxa (Txalaparta, 2010), Baionako alarguna (Txalaparta, 2016) eta Pintzel magikoa (Ikas, 2014). «Karrikirik eskatu zidan argitaratutako liburuak izatea, interesa bazuten, gero irakurtzeko aukera izan zezaten», azaldu zuen.

Ipuin bakoitza manera batez kontatu zuen: lehenbizikorako, egurrezko kutxa bat izan zuen lagun; bigarrenean, liburuko marrazkiak erabili zituen hitzekin batera; eta hirugarrenean, itzal txinatarrekin jantzi zuen narrazioa. «Ahotsa eta gorputzaz gain, bestelako gauzak erabilita arreta handiagoa izaten dute haurrek».

Lehenbiziko kontakizunean, Mattinen beldurrekin batera, publikoaren beldurrak bildu zituen Bengoak kutxan: altuerei beldurra, Halloween-en norbaitek ikaratzeari beldurra, iluntasunari beldurra... Tentsio uneak ere izan ziren: Mattin eta lagunek kutxa ireki edo ez erabaki behar izan zuten. Baietz zioten ikusle batzuek, ausarki; ezetz beste batzuek, zuhurrago. Azkenik, kutxa pixka bat ireki, eta beldur guziak atera ziren aretoan barrena. Baina beldurrak beldurtu ziren, eta kutxan sartu ziren berriro.

Kontakizun horren ondotik, adi-adi jarraitu zuten Baionako alargunaren eraztunarekin gertatutakoa, eta aterki horiaren atzean sortzen ziren itzalek harilkatutako istorioa. Ekhi Ortigosa izan zen entzule finetako bat: «Fantasiazko ipuinak maite ditut», esan zuen. Ipuinak gurasoek kontatzen dizkioten arren, bera ere aritzen da: «Anaiak lau urte ditu; ipuin bat nahi badu, gurasoek niri esaten didate kontatzeko».

Ipuingarria izango da egitasmoa igandean bukatuko da. Bengoak ipuinen amaieretan esaten zuen bezala: «Hala bazan edo ez bazan, sar dadila kalabazan, eta atera dadila Iruñeko plazan».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

«Guztiok gatoz leku beretik: guztiok gara afrikarrak»

Unai Etxenausia

'Geu, afrikarrok' aurkeztu du Arrosagaraik, zenbait gazteren istorioak biltzen dituen erakusketa bat, Gasteizko Montehermoso kulturunean. Otsailaren 26ra arte egongo da ikusgai.
Madrilgo komentu batean

'Marten' hegaldia

Enekoitz Telleria Sarriegi

Francoren erregimenak, Eliza katolikoarekin batera eta Australiako Gobernuarekin tratua eginda, ehunka euskal emakumezko bidali zituen Australiara, 1960ko hamarkadan. Han lana eginaraztea eta aurretik hara bidalitako gizonezkoekin ezkonaraztea zen bidaia haien benetako helburua. 'Marta plana' deitu zioten, eta 'El avión de las novias' dokumentalean jaso dute.

«Misiolari gisa bidali nahi gaituzte»

«Misiolari gisa bidali nahi gaituzte»

Enekoitz Telleria Sarriegi

Natalia Ortiz ikerlariak, besteak beste, Josefina Erezuma bizkaitarraren istorioa jaso du bere ikerketan, Jaime Aberasturi senargaiarekin izan zuen eskutitz trukearen bidez.

 ©OIER ARANZABAL

«Audio plataforma bat sortuko dugu datozen hilabeteetan»

Urtzi Urkizu

Ikus-entzunezkoetarako Primeran iritsiko den moduan, irrati eta audioetarako beste plataforma bat sortuko dute, Goñik iragarri duenez. «Kolaborazioak sustatuko ditugu euskalgintzarekin».

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.