Hazparnen bizi diren bi iheslari kanporatu nahian dabil prefeta

Boli Kostakoak dira bi migratzaileak, eta igandean atzeman zituen Jendarmeriak; abian da haiek kanporatzeko prozedura. Hori deuseztatzeko, lanean ari dira iheslarien abokatuak

Bi migratzaileak, Xarlo Etxezaharreta aterpetzailearekin batera, atzo goizaldean, Jendarmeriaren egoitzatik irteten. ISABELLE MIQUELESTORENA.
Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2018ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Bi migratzaile kanporatzeko prozedura hasi du Pirinio Atlantikoetako prefetak. Boli Kostakoak dira bi iheslariak: N.T. 20 urtekoa eta A.B. 27 urtekoa. Badu urte bat Hazparnen (Lapurdi) bizi direla, eta igande arratsaldean atzeman zituen Jendarmeriak. Prefetak erabaki du orain arte bizi ziren etxea derrigorrezko bizitoki gisa ezartzea, eta administrazioak 45 egun ditu sorterrira bidaltzeko baimenak lortzeko. Iheslarien eskubideen aldeko Cimade elkarteko abokatuak lanean hasi dira, bi iheslariak kanporatu ez ditzaten.

Frantziako lurraldetik joateko agindua eman die prefetak bi migratzaileei. Hendaiako atxikitze zentroan preso sartu beharrean, orain arteko bizilekuan derrigorrez egoteko obligazioa jarri die.

Kontuan izatekoa da, gainera, Dublingo Itunaren araberako babesa dagokien migratzaileak direla; alegia, Europako Batasuneko beste herrialde batetik iritsiak Frantziara: Espainiako lurraldetik sartu ziren. Halere, Madrilek prefeturari jakinarazi dio ez dituela ezagutzen bi iheslariak.

Bizikletan zebilela

A.B. igande arratsaldean identifikatu nahi izan zuten jendarmeek. Bizikletan zebilen. «Egun guziz egiten zuen bere bizikleta itzulia», kontatu du Xarlo Etxezaharretak. Haren etxean bizi dira bi iheslariak. Legearen arabera, karrikan norbait identifikatu ahal izateko, arrazoi bat behar du Poliziak: jokabide susmagarriren bat izan behar du. Bizikletan zebilen migratzaileak zer egin ote zuen galdetuta, Samuel Vuelta Simon Baionako prokuradoreak BERRIAri azaldu dio joan-etorriak egiten ari zela gizona, eta orduan hurbildu zitzaizkiola jendarmeak. Prokuradoreak adierazi duenez, jendarmeak joan-etorrian zebiltzan Hazparnen gaindi. Krimenen aurkako PSIG unitate bereziko kideak ziren; zaintza eta atxilotze lanak egiten ditu talde horrek. «Ohoinen bila ziren Hazparnen, eta ohoinen bila ari zirela ziren ohartu bizikleta baten gainean zen gizon batez».

Beltz bat zihoala bizikletan, eta,horregatik identifikatu ote zuten galdetzen hasita, segituan moztu du prokuradoreak, ihardetsiz ezetz, bizikletan ibiltzea ez dela jokabide susmagarria. Aldiz, atxilotutako iheslariak «jarrera» bat izan zuela polizien susmoak sortu zituena. «Bi punturen artean joan-etorriak egiten ari zen». Eta, prokuradorearen arabera, jendarmeak hurbildu zitzaizkiolarik bizikletan joaten ahalegindu zen. Ez zen urrutira joan A.B., prokuradoreak baieztatu duenez.

Kontrolatzen hastean, poliziei azaldu zien ez zeramala dokumenturik berekin, eta bizilekura joan zen jendarmeekin. Atarian geratu ziren haiek. Orduan ohartu ziren beste migratzaile bat ere bazela han, etxejabearekin batera. Identifikazioa eskatu zioten hari ere. Biek dituzte beren sortze agiriak, baita Frantziako Estatuko medikuntza laguntza ere, baina ez dute Frantziako lurraldean bizitzea baimentzen dien dokumenturik. Orduan zituzten eraman Hazparneko polizia etxera. Etxejabea ez zuten atxilotu, iheslariei aterpea ematea ez baita delitua. Proposatu zioten bi etxekideak Jendarmeriaren egoitzara laguntzea, eta halaxe egin zuen.

Protestak

Herritarrek kanpoan elkarretaratze bat antolatu zuten, iheslariak aske uztea galdegiteko. Laster bildu ziren 50 bat lagun, eta ehun baino gehiago ere izan ziren. Goizaldeko ordu txikietan askatu zituzten azkenean, eta beren bizilekura itzuli ahal izan ziren.

Beren egonaldi baimena aztertzeko eraman zituzten Jendarmeriaren egoitzara. Kasu horretan,hamasei orenez atxikitzen ahal ditu Poliziak. Azkenean, zazpi bat oren iragan zituzten. Gertatutakoari buruz iritzia eskatzean, Etxezaharretak kontatu du zer erran zion jendarmeetako batek: «Erran zidan haiek ere badutela kontzientzia bat eta bihotz bat, baina ordainduak direla lan baten egiteko. Nik zera erantzun nion: 1940tik 1945era arte kontzientzia baztertu eta aginduei segitu zietenek anitz igorri zituztela Dachaura eta Auschwitzera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.