Puis kalamu elkarteko zazpi lagun atxilotu ditu Ertzaintzak

Puiseko kideek salatu dute poliziak elkartearen lur landuan miaketa agindurik gabe sartu direla eta landareak moztu dituztela

Kalamu elkarteetan bazkideek baino ezin dute parte hartu. JAGOBA MANTEROLA / ARP.
Gasteiz
2015eko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
«Goizeko zortzi eta erdietan, ertzainak elkarteko lur landuan sartu dira, landareak moztu, eta bertan zeuden kide guztiak atxilotu dituzte». Horrela azaldu du Jonatan Izquierdo Puis kalamu erabiltzaileen elkarteko kideak atzo goizean Gasteizen gertatutakoa. Ez da lehen aldia kalamu elkarteak arazoak dituela Ertzaintzarekin, hirugarrenez sartu baitira poliziak elkartearen lur landuan. Hala ere, oraingoan, landareak moztu eta elkarteko kideak atxilotu dituzte, lehen aldiz.

Izquierdo eta Puiseko gainerako kideak erabat harrituta zeuden atzo gertatutakoarekin. Elkarteko zazpi kideak atxilo eraman zituen Ertzaintzak Lakuako polizia etxera. «Miaketa agindurik gabe sartu dira ertzainak. Antza, bizilagunen batek deitu omen die, belar usaina zela eta». Hala ere, Izquierdok adierazi du ez dakitela zergatik sartu diren, salaketarik ez baitiete erakutsi.

Kalamu elkarte ugari daude Euskal Herrian, eta Urki Goñi Euskadiko Kalamu Erabiltzaile Elkarteen Federazioko presidenteak azaldu du horrelako gertaerak noizean behin gertatzen direla. «Poliziak droga trafikoagatik sartu ohi dira kalamu elkarteetan, baina epaitegira heltzean, arrazoia ematen digute, gure jarduna erabat legezkoa baita». Legearen arabera, kalamua toki pribatuetan landa daiteke, inori kalterik ez badio egiten. «Kalamu elkarteak legez izena emanda daude elkarte gisa, eta Eusko Jaurlaritzak badaki zer egiten dugun».

Pannaghen kasua

Martxo bukaeran droga trafikatzeagatik eta gaizkile elkarte bat osatzeagatik epaitu zituen Bizkaiko Lurralde Auzitegiak Pannagh kalamu erabiltzaile elkarteko bost kide. Orotara, fiskalak 22 urteko espetxe zigorra eskatu zuen, baina epaileak absolbitu zituen.

Epaiaren arabera, elkarteak marihuana landatu eta kideen artean baino ez zuenez banatzen, ez dago «droga trafikorako xederik», ezta «drogen legez kanpoko kontsumoa bultzatu, sustatu edo errazteko asmorik» ere.

Martin Barriuso Pannagheko presidentea izan zen epaituetako bat. Haren aburuz, «oso garrantzitsua» izan zen epaia, eta «aurrerapauso itzela» kalamu elkarteen jarduera normalizatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.