Juan Angel Balbas. Debegesako zuzendaria

«Bi xurgagailu handiren eraginpean gaude»

DEBEGESA.
Irune Lasa.
Eibar
2018ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Gaitasunak eta ahalmenak azpimarratuko dituen marka bat sortu nahi izan du Debegesa Debabarreneko Garapen agentziak gidatutako egitasmoak, eta mezu positibo hori emateko asmoa nabari zaio Juan Angel Balbasi.

Zergatik behar zenuten marka?

Mundua globalizatua da, eta ezin zara ibili identifikatuko zaituen eta zutaz ondo hitz egingo duen markarik gabe. Izen propioa bezala da. Izenik gabeko pertsona ez da existitzen. Eta Debabarrena izateaz harago, edo Euskadi izateaz harago, gure gaitasunengatik izan nahi dugu ezagun, egiten dakigunarengatik. Hori marka batean kondentsatu da.

Ingelesez da marka, mundura begirakoa delako, esan duzuenez.

Hori da. Ez da gure artean lehiatzeko pentsatutako marka izan, baizik eta abian dauden mugimendu ekonomikoentzat erakargarri izateko.

Dena den, bertako zenbaitentzat ere mezua —gogorapena— dakar; adibidez, administrazioentzat.

Hala da, bagaudela, existitzen garela esateko, indarguneak ditugula gogoratzeko. Txikiak izan gaitezke, zatarrak... Nahi duzuna. Baina eskubidea dugu esateko batzuetan ongi sentitzen garela geure buruarekin, harro.

Asko igartzen duzue Bilbok eta Donostiak baliabideak erakartzeko duten ahalmenaren eragina?

Bi xurgagailu handiren eraginpean gaude, eta hori, igarri soilik ez, neurtu ere egiten dugu.

Baliabide galerari buruz ari zara?

Biztanleria galerari buruz, enpresen galerari buruz... Eta nola industria pisua galtzen ari den hirugarren sektorearen mesedetan. Ariketa hori duela bi urte egin genuen. Ikusi nahi genuen nola irten ginen krisitik. Alderaketa egin genuen udalekin nola geunden 2007an eta nola 2016an. Gure eskualdean krisiarengatik galdutako industria lanpostu bakoitzeko beste bat sortu zen, baina hirugarren sektorean, zerbitzuetan. Ez dago horren gaizki, ezta? Baina errenta da arazorik handiena hor. Industriaren alorrean ari den pertsona batek soldatan 100 kobratzen ditu, eta hirugarren sektoreko langile batek 60 irabazten ditu.Eta soldaten, aberastasunaren %40ko galera hori funtsezkoa da. Industria sarea galtzearekin etsitzen bagara, pobretzen ari gara. Eta hori ez dugu onartzen.

Eta horregatik eskatzen dituzue baliabideak.

Horregatik, guztiok elkar hartu dugu, marka irudi bati helduta, administrazioei gogorarazteko hemen badagoela fabrikaziorako gaitasuna, egiteko ahalmena, industria zorua, talentua... Esku bat luza dezaten noizean behin. Enpresa bat Gasteizera badoa sailburuarengana, demagun Massachusettstik, Euskadin fabrikazio gune bat ezarri nahian, jakin dezatela hau existitzen dela. Orain arte, beti Bilbo, Donostia edo Gasteiz soilik aipatu dizkiete.

Enpresek ere beharrezko ikusten zuten marka hau?

Eurek esan digute primeran datorkiela horrelako zerbait; orain, edonora joan behar dutenean, ez dute ezer azaltzen hasi behar. Markarekin nahi duten guztia eta gehiago azaldu dezakete.

Zergatik District (barruti), eta ez Valley edo halakorik?

Marka ingelesez egin dugu mundurako egin dugulako, eta ingelesa delako munduko hizkuntza. Eta munduan district hori askoz hobeto ulertzen delako eskualde edo horrelakoren bat baino.

Eta eskualdea bera baino harago joan daitekeelako ere, ezta?

Hala da. Adibidez, Debagoieneko enpresa batek ikuspuntu identifigarri batetik gurekin egonnahi badu, primeran. Berdin Durangaldeko batekin. Ez dugu patrimonializatu nahi, esparru handia har dezakeen marka bat eskaini dugu, hasi Zumaiatik, eta Urolan barrena, Debabarrenera, Debagoienera, Durangaldera eta Lea-Artibairaino. Hain zuzen, zirkulu hori dena dago guztia irensten duten bi xurgagailuren eraginpean, guztiak ari gara galtzen biztanleria hiriburuen mesedetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.