Unics Kazan 91. Baskonia 92

Xengeliaren odol hotzak desorekatu du partida, Baskoniaren alde

unai zubeldia
2016ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Unics Kazan. Colom (23), Langford (28), Panin, Kaimakoglu (3), Parakhuski (8) —hasierako bostekoa—; Johnson (11), Antipov, Stoll (7), Banic, Voronov (6) eta Williams (5).

Baskonia. Larkin (22), Beaubois (9), Hanga (6), Tillie (2), Voigtmann (2) —hasierako bostekoa—; Luz (10), Diop (7), Xengelia (19), Blazic (9) eta Budinger (6).

Markagailua. 20-22, 40-43 (atsedenaldian); 67-67 eta 91-92. Epaileak. Javor, Jovcic eta Foufis. Williams kanporatu zuten bost faltarekin.

Bestelakoak. 3.257 ikusleBasket Hall Kazan pabiloian.

Berezia da. Onerako eta txarrerako. Burua galdu, itsutu eta egin behar ez den guztia egiteko gai da batzuetan. Baina partidak irabazten ditu beste askotan. Gehienetan. Zenbakietan agertzen den uzta baino askoz handiagoa pilatzen du gehienetan Tornike Xengeliak, eta atzo ere georgiarraren odol hotzak eman zion garaipena Baskoniari, Unics Kazanen kantxan (91-92), Euroligako 12. jardunaldian. Langfordek hirukoa saskiratu berritan (91-90), 1,8 segundo falta zirela bi jaurtiketa sartu zituen Xengeliak, eta gasteiztarrak zortzigarren garaipenarekin itzuliko dira etxera.

Hamalau hiruko saskiratu zituen Unics Kazanek, eta kanpoko lerrotik eutsi zion Baskoniaren erasoko jokoari. Budingerren hirukoarekin 22-35 aurretik jarrita, partida hausteko zorian izan ziren arabarrak, baina, beste behin, minutu ederrak jokatu zituen Langfordek. 28 puntu lortu zituen, eta une oro bizi-bizirik mantendu zuen taldea.

Kanpotik bikain etxekoek

40-43 iritsi ziren atsedenaldira, eta hirugarren laurdeneko lehen hiru jokaldietan hiru hiruko saskiratuta, 52-47 aurretik jarri zen etxeko taldea. Arnas eske zebilen Baskonia, eta Larkinek eta Xengeliak dotore ulertu zuten mezua. Azken laurdenera 67-67 iritsita, ez sinestekoak izan ziren azken jokaldiak. Larkinek hirukoa sartu zuen 6,8 segundo falta zirela (88-90); arabarrek defentsan huts eginda, Langfortek erantzun zuen segidan (91-90); eta Xengelia agertu zen azkenik. Urrezko garaipena, amaiera eroan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.