Erdi Arorako bidaia Tebasen

Herriaren historian oinarritutako ekintzak antolatu dituzte Tebas-Muru Artederretan. Tibalt II.a Nafarroakoaren eta Elisabet Frantziakoaren arteko ezkontza antzeztuko dute

Bi gerlari, borrokan, Tebasen. TEBAS-MURU ARTEDERRETAKO KONTZEJUA.
Igone Urtaza
2023ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Tebas-Muru Artederretako (Nafarroa) Erdi Aroko Festa 2017an ospatu zuten lehen aldiz. Aurten ere abuztuan antolatu dute. Bihartik etzi arte edertuko dute herria, garaiko apaingarriekin. Ivan Ruiz kontzejuko kidearen hitzetan, herriko historiari balioa ematen dio festak. Urtero, pregoia irakurriz hasten dute jaia: «Foruaren egokitzapen bat da. Hartan, Tibalt II.a Nafarroakoak Tebas herri egin zuen garaiaz hitz egiten dute».

Kontzejuko kidearen ustetan, Tebas-Muru Artederretako gaztelua da herriak Erdi Aroarekin duen loturaren erakusgarri. Tibalt II.a Nafarroakoak eman zuen gaztelua eraikitzeko agindua, 1256an. Nafarroako errege-erreginen eta gobernadoreen egoitza izan zen, eta Nafarroako erresumaren artxiboa eraiki zuten barruan. Erdi Aroan hainbat aldiz berreraiki zuten; izan ere, gaztelarrek suntsitu egin zuten 1378an eta 1494an. Han egingo dituzte astebururako antolatutako hainbat ekintza: esate baterako, bisitak.

Ruizentzat, bisitak eta zaldunen borrokak dira ikusleen ekintzarik gustukoenak. «Erdi Aroko borrokak antzezten ditugu; bikoteka, bakarka... egiten dira. Borrokalariek horietan erabiltzen dituzten ezpatak, ezkutuak... ikusteko aukera izango da. Jendeak asko gozatzen du, nahiz eta batzuetan borrokak tentsioa sortu». Aurten, larunbatean egingo dituzte, 19:30ean.

Badira urtero-urtero antolatzen dituzten ekintzak; aurten, ordea, berrikuntzaren bat txertatu dute. Etzi goizean egingo duten antzezlana izango da horietako bat. Iaz ere antzeztu zuten Erdi Aroko gertakarietan oinarritutako obra bat. «Oraingoan, Tibalt II.a Nafarroakoaren eta Elisabet Frantziakoaren arteko ezkontza antzeztuko dugu. Tebasko Santa Eufemia elizan izango da», azaldu du Ruizek. Iazkoak izan zuen arrakasta ikusita, aurten ere beste antzezpen bat egitea erabaki zuten.

Tebas-Muru Artederretako Kontzejuko kideak Erdi Aroko bitxikeriak gustuko dituen edonori gomendatzen dio festa: «Tebasen Erdi Aroko kontakizunak, garaiko merkatuak, eskuz eginiko produktuak, dantzak, zeramikako artisau tailerra... aurkituko dituzte».

Herritarren garrantzia

Ruizen hitzetan, herriko jendearen parte hartzea «ezinbestekoa» da jaiak aurrera atera ahal izateko. «Herriaren erantzuna ona da. Ekintza askotan parte hartzen dute: goizeko eta arratsaldeko antzezlanetan, antolakuntzan, dantzetan, bazkari herrikoian, jantzien prestakuntzan...». Taldean lan egiteko beharra azpimarratu du: «Urtero, gainera, gero eta jende gehiago etortzen da festara. Eskaerari aurre egiteko, herria batu behar da». Antzezlanean erabilitako jantzi gehienak herritarrek josiak dira.

Biharko, hiru hitzaldi antolatu dituzte, Erdi Aroko gaietan oinarrituak. Hiru adituk zuzenduko dituzte: Txarli Martinez Artearen Historiako doktoreak, Violeta Romero ikerlariak eta Simeon Hidalgo idazleak. Informazio gehiagorako, udalaren webgunea bisita daiteke: www.tiebas-muruarte.es/events/

Erdi Aroko Festa

Bihartik etzi arte, Tebas-Muru Artederretan (Nafarroa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.