PROTAGONISTEN ADIERAZPENAK

2018ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
«Dena oso ondo atera da, oso pozik gaude. Elkarrekin egin dugun lehen lasterketa izan da, eta oso ondo ulertu dugu elkar. Atzetik aurrerako lasterketa egin dugu bi egunetan, eta, behin lehen postua lortuta, abantailarekin jokatu dugu. Asko gozatu dugu».

Kilian Jornet  Altitoy-Ternuako irabazlea

«Oso pozik nago lortutako postuarekin. Lehen eguneko etapa politagoa bazen ere, bigarren egunean ere asko gozatu dugu. Aurretik sartu direnek erakutsi dute maila izugarria dutela, eta nik ez dut inoiz haien maila izan, ezta izango ere. Hala ere, urtetik urtera maila hobeagoa ematen ari naiz, eta gustura nago. Hemendik Pierra Mentara joango naiz, Antoine Rodriguez lagunarekin. Hura beste gauza bat da, eta lehen hogeita bosten artean sartuko bagina, izugarria izango litzateke».

Pantxo Saint Martin  10. postuan Altitoy-Ternuan

«Oso oroitzapen politak ekartzen dizkit Altitoyk. Askotan pentsatzen dut oraindik ere Andoni Areizaga zena hor nonbait begira izango dugula. Azken hiru urteetan lesionatuta egon naiz, eta asko sufritzea tokatu zait. Geldirik nagoenean desagertzen saiatzen naiz, inbidia asko pasatzen baitut. Adinez aurrera noa, baina asko gozatzen dut lasterketetan».

Izaskun Zubizarreta  Mendi eskiatzailea

«Bigarren eguneko lasterketa itsusiagoa iruditu zait, agian eguraldiagatik. Izotz plakak zeuden ibilbidean zehar, eta ibilbide gehiena eski pistetan egin dugu. Gauza horiek kontuan hartuta, lasterketa ona egin dugu».

Iñigo Martinez de Albornoz  Euskal selekzioko kidea

«Lasterketa teknikoagoa espero nuen. Bigarren eguneko ibilbidea luzea egin zait, igoera asko zituelako. Txikitatik asko ibilitakoa naiz lurralde honetan, eta etxean sentitzen naiz. Denboraldia amaitzeko Regil zeharkaldia eta bikotekako Espainiako txapelketa jokatuko dut, Lur Basterretxearekin.

Lide Leibar  Euskal selekzioko kidea

«Lehen egunean gusturago ibili nintzen. Bi aldiz ere erori naiz bi egunetan, eta horrek ere ez dit asko lagundu. Hemendik hamar egunera Pierra Mentara noa, berriro ere Iñigorekin [Martinez de Albornoz], eta bizirik irten nahi nuke handik [barreak]. Nire lehen lasterketa luzea izango da, eta esperientzia hartzera joango naiz».

Pablo Oderiz  Euskal selekzioko kidea

«Oso lasterketa txukuna egitea lortu dugu. Pareko erritmoan ibili gara Aritz Egea bikotekidea eta biok. Entrenatzera eta egur pixka bat hartzera etortzen gara hona. Aurten gehiago, korrikako denboraldia prestatzen ari garelako gehienbat. Ez dugu mendi eskiko beste lasterketarik egiten».

Iban Letamendi  Mendi korrikalaria

«Egia esan, lehen eguneko ibilbidea askoz ere gusturago egin nuen, bigarrengoan pista asko sartu dutelako, nahiz eta ulertzekoa den, azken egunetan eguraldiarengatik izan diren elur-jausiengatik. Nire bigarren urtea izan da Altitoyn; iazkoa asko gustatu zitzaidan, eta aurten ere ilusio handiarekin itzuli naiz berriro. Bikoteka egiteak beste xarma bat ematen die horrelako lasterketei».

Igone Campos  Euskal selekzioko kidea

«Uste baino sasoikoago nago, eta oso pozik noa etxera. Guretzat oso baldintza onak zeuden, eta eskiatzaile askoren aurretik amaitzea zen gure helburua. Ez dugu asko eskiatzen, eta urtean behin gure maila zein den ikustea gauza ederra da. Agian datorren astean Regil zeharkaldia egitera joango naiz Potesera [Kantabria, Espainia]. Gero, Zegama-Aizkorri lasterketan pentsatzen hasiko naiz buru-belarri, urtero bezala».

Aritz Egea  Mendi korrikalaria

«Candanchun [Aragoi, Espainia], Causiat Extreme lasterketan egin nuen debuta mendiko eskian, baina hau beste gauza bat izan da. Urte asko neramatzan eskiak jartzeko egun hau itxaroten. Anaiak urte batzuk badaramatza eskiaren mundu honetan, eta biok jarraitzen dugu bizikletan. Bi kirolok oso bateragarriak dira. Igoeratan ondo moldatzen naiz, baina jaitsieratan oraindik teknika apur bat falta zait».

Haimar Zubeldia  Txirrindulari ohia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.