PROPOSAMENAK

Berriz ere konpartsakide

Bilboko Konpartsek Konpartsakide Eguna ospatuko dute bihar, Bilboko Areatza pasealekuan. Hainbat ekintza izango dira egun osoan: besteak beste, pintxo txapelketa eta haur jolasak

Gizon bat saxofoia jotzen Bilbon, joan den urteko Konpartsakide Egunean. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Mikel Garcia Martikorena.
2022ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Bilboko Konpartsek Areatza pasealekua hartuko dute beste behin. Konpartsakide Eguna ospatuko dute bihar, bi urte luzeren ostean. Izan ere, koronabirusak eragotzi egin zien bilbotarrei uztaileko bazkaria egitea. Aurten, baina, handitasunez ospatzeko aukera izango dute. Horretarako, hainbat ekintza antolatu dituzte egun osorako. Hala nola pintxo txapelketa, haurrentzako jolasak eta elektrotxaranga.

Goizean, jakiak izango dira ardatz. Pintxo txapelketarekin ekingo diote Konpartsakide Egunari, 11:30ean. Horren ostean, 12:00etan, baserriko piper eta tomate banaketa egingo da, eta ordu erdi geroago, ardo dastaketa. Piper eta tomateekin batera, haur jolasak hasiko dira. Bertaratzen den edonork aukera izango du jolasetan parte hartzeko. Eguerdian, 14:30 aldera, sari banaketa izango da, eta 15:00etan, berriz, konpartsakideek hain gustuko duten konpartsen arteko bazkaria.

Bazkariaren ostean, musikaren txanda izango da: 17:30ean, bingo musikatua izango dute. Motxaila elektrotxarangak emango dio amaiera Konpartsakide Egunari, 19:00etatik aurrera. Alde Zaharreko kaleak musikaz beteko ditu txarangak, Bilboko Konpartsekin batera.

Bilboko Konpartsek urte osoan egiten duten lan guztiari ematen zaion saria da Konpartsakide Eguna. Ioritz Varona Montes jai batzordeko kidearen arabera, «konpartsetako parte diren guztiek gozatzeko» antolatuta dago. Bilboko Konpartsek eurentzat sortutako gune bat da bihar Areatzan egongo dena; hori dela eta, jai batzordeak bostehun eta zazpiehun pertsona bitartean espero ditu.

«Giroa polita da oso. Ideia ezberdinak dituzten pertsonak ikusten dira batera bazkaltzen eta disfrutatzen Konpartsakide Egunean». Izan ere, Varona Montesen aburuz, egun horrek balio du Bilboko Konpartsen Federazioa nola osatuta dagoen ulertzeko, «barnean dagoen aniztasuna ikusteko». Hain zuzen, konpartsen arteko bizikidetza horrek egiten du pintxo txapelketa erakargarri. Varona Montesen ekintzarik gogokoena da, «konpartsen artean tranpak eta pike sanoak daudelako urtero».

Aste Nagusirako prest

Konpartsakide Eguna «arnasa hartu eta azken txanpari aurre egiteko» beharrezkoa dela dio Varona Montesek. Aste Nagusiko egitaraua osatzeko, denbora behar da, eta, aratusteak bukatu ostean udako egitaraua lantzen hasten diren arren, «beti egoten da azken orduko ustekaberen bat edo beste». Halere, jaiak egingo direla ziurtatu du: «Azken bi urteak ikusita, ez da gutxi». Kaleko ekintzek berebiziko garrantzia izango dute, jai batzordeko kidearen arabera, eskaintza zabala izango baita.

Aste Nagusia antolatzea lan handia da, dioenez, eta, gauza batzuk jadanik aurreratuta dauzkaten arren, buru-belarri jardun behar dute orain jai batzordeko kideek: «Orain jo eta ke egin behar dugu lan Aste Nagusia prestatzeko, eta biharko egunak motorrak berotzeko balio digu».

Konpartsakide Eguna



Bihar, Bilboko Areatza pasealekuan. Egun osoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.