PROPOSAMENAK

Legazpi, artzainen elkargune

Gipuzkoako Artzain Eguna egingo dute gaur, Legazpin. Ohi bezala, egitarau zabala antolatu dute ospakizunerako: gazta lehiaketa, omenaldiak eta artzain-txakur lehiaketa, besteak beste

Artzain bat, Legazpiko txapelketan, bere txakurrari nora joan behar duen agintzen. BERRIA.
Miren Mujika Telleria.
2022ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Gaur ospatuko dute Legazpin Gipuzkoako Artzain Eguna; ohi bezala, iraileko lehen igandean. Egun osoko egitarau zabala osatu dute antolatzaileek horretarako. Artzaintza eta lehen sektorearen lana gertutik ezagutu eta behar duen bultzada emateko aukera ere bada gaurko jaia. Urtero bezala, honako hauek izango dira ekitaldi nagusiak: Gipuzkoako Artzain Gaztaren Lehiaketa, artzain munduari loturiko pertsonei egingo dizkieten omenaldiak eta artzain txakurren txapelketa. Giro ederra aurkituko du, hortaz, goizean Legazpira joaten denak.

Goizean izango baitira ekitaldi gehienak. 10:00etan zabalduko dituzte postuak, eta gazta, sagardoa eta ardi okela dastatzeko aukera izango da. Musika ere ez da faltako: Legazpiko Musika Banda arituko da kalejiran. 11:45ean, berriz, artzain txakurrak trebatzeko saioa izango da, Aritz Ganboa artzainaren eskutik.

13:00etan, omenaldiei egingo diete tartea. Batetik, Gipuzkoako hiru artzain omenduko dituzte: Xexilio Goñi, Maria Luisa Alberdi eta Juan Ezenarro. Bestetik, Ameriketan artzaintzan jardun zutenetako bi omenduko dituzte: Tomas Ibarra eta Lucio Irisarri. Hori guztia Legazpiko Elustondo anai-arreben trikiti doinuek girotuko dute.

Goizeko lehiaketetako irabazleen sari banaketarekin amaituko dira eguerdira artekoak. Eta, ondotik, 14:30ean, herri bazkaria egingo dute, Aitxuri jatetxean.

Arratsaldean, urteroko moduan, artzainek eta euren txakurrek bereganatuko dute arreta: Gipuzkoako 48. artzain-txakur txapelketa egingo dute, 17:30ean, Urtatzako zelaietan. Bost dira parte hartzaileak, eta Gipuzkoako hainbat herritatik iritsiko dira Legazpira: Mutrikutik, Oñatitik, Ataundik eta Arrasatetik.

Artzain Egunaren 38. aldia izango da aurtengoa. Gainera, den-denak ospatu dira Legazpin. Omenaldi xume batekin, artzainen lanbidea goraipatu eta babestea du helburu egun horrek. Ohiko eginbeharrak utzi, eta landatik Legazpiko kaleetara jaisten dira artzainak jendeak euren ogibidea gertutik ezagutu dezan.

'Bideak' dokumentala

Gaurko egunari behar duen oihartzuna emateko, ordea, ostegunean eman zioten hasiera artzainen festari; irailaren 1ean, hain zuzen. Izan ere, Bideak dokumentala proiektatu zuten herriko Kultur Etxean. Bertan izan ziren, hain zuzen, Aritz Ganboa artzain protagonista eta Xabier Unanue zuzendaria.

Arruazun Idiazabal gazta bat egin, eta mendian zehar korrika, Izabaraino eraman zuen soinean Ganboak. Pirinioak zeharkatu zituen etapa bakar batean, bertako artzain batek eginiko Erronkariko gazta batekin elkartzekohelburuarekin. Bide horretan guztian gertatu zirenak jasotzen ditu dokumentalak. Zergatik jarri duten filma Artzain Egunaren atarian? Bada, nekazaritza eta abeltzaintzari balioa emateko, bertan ekoitzitako produktuak ezagutzera emateko eta produktu horiek ekoiztearen eraginez sortzen diren inguruneak erakutsi ahal izateko.

Artzain Eguna

Gaur, egun osoan,Legazpin (Gipuzkoa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.