PROPOSAMENAK

5.000 ordenagailu Barakaldon

'Streaming'-ean eta zibersegurtasunean jarriko du fokua gaur hasiko den Euskal Encounter jaialdiak. Bisitarien %14 emakumeak izango dira, beste urte batzuetan bezalaxe

Euskal Encounterren aurkezpena, atzo, Bilboko Azkuna Zentroan. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Javi West Larrañaga.
Bilbo
2019ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Aurtengo Euskal Encounter jaialdiaren leloa Stream IT izango da —ingelesezko hitz joko bat, IT siglek Internet Technology esan nahi dutelako—. Izan ere, fokua streaming-ean eta zibersegurtasunean jarri nahi dute aurten. Gainera, Opengune-ko jarduerak ere indartu nahi dituzte, hein handi batean, erabiltzaileek eurek antolatutako tailer eta hitzaldietan. Gune hori bisitarientzat zabalik egongo da, eta «Euskal Encounterren dagoen ezagutza gizarteratzea» izango du helburu. 60 jardunaldi egongo dira, askotariko gaiei buruzkoak, gaur hasi eta igandera bitartean.

Aurten ere 5.000 ordenagailurentzako postuak jarri dituzte, LAN party esperientzia bizi nahi dutenentzat. Erabiltzaileek euren ordenagailua eramango dute, eta, lau egunez jarraian, BECeko pabiloi batean gozatu ahalko dute, segundoko gigabit bateko abiadurarekin. 5.000 postu horietatik 4.000 lehen bost segundoetan bete ziren —horiek non jesarriko diren aukera zezaketen—, eta azken postuak —antolatzaileek esleitutakoak—, hiru ordutan.

Hainbat informatikazale joateko aukera barik geratu dira, eta interes hori egitasmoaren «osasun onaren» seinale dela azpimarratu du Sabino San Vicente Euskal Encounterren antolatzaileak: «Izena emateko momentuaren zain ibiltzen da jendea». San Vicentek harro adierazi du Europan aurki daitekeen abiadura handienetako bat izango dutela, eta abiadura hori erabiltzaileek luze gabe etxeetan izango dutenaren aurrerapen bat dela. Interneteko abiadura oso garrantzitsua da bideo jokoen arloan. Euskal Encounterreko LAN party-an, 47 joko eta beste horrenbeste lehiaketa izango dituzte.

Bisitari gehienak, berberak

27 ediziotan hainbat aurrerapen izan direla aipatu du San Vicentek. Lehen parte hartzaileen %100 gizonezkoak izaten zirela oroitu du, eta gaur egun emakumeak %14 bakarrik badira ere, zenbaki absolutuetan 700 inguru izango direla zehaztu du. Hasieran uste zuten ehuneko horrek igotzen jarraituko zuela, baina azken urteotan ikusi dute sabai antzeko bat jo dutela, eta nahiko proportzio egonkorra dela: «Mundu mailan eta e-sports-en arloan ere antzera gertatzen da», esan du San Vicentek, eta «arrazoiak jakiteko eta buelta emateko» lanean jarraitzen dutela.

Publikoa gehienbat gaztea da —batez besteko adina 29 urtekoa da—, baina nabari da parte hartzaileak gero eta nagusiagoak direla: 2011n, 27 zen batez bestekoa, eta 2017an, 28. Horren atzean hainbat arrazoi daudela uste du San Vicentek; batik bat, bisitarien %65 beste edizio batzuetako errepikatzaileak direla. Parte hartzaileen %60 Euskal Herrikoa izango da, eta gainerako gehienak Espainiakoak, Galiziakoak eta Herrialde Katalanetakoak.

Jardunaldiak 50.000 metro koadro hartuko ditu, «zazpi futbol zelairen beste». Azken urteetan, eskainitako postu guztiak bete dituzte, baina printzipioz ez dute aurreikusten leku gehiago jartzea, pabiloi gehiagotan banatzeak Euskal Encounterren «esentzia» galtzea eragingo lukeelako.

Euskal Encounter



Gaurtik domekara arte, Barakaldoko BECen (Bizkaia).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.