Jose Luis Aranguren, 'Txiliku'. Zuzentzailea

«Hizkuntza nazionala egiten saiatu gara, eta orain parrila hutsik dago»

'Goenkale'-k euskararen normalkuntzan izan duen garrantziaz ohartarazi du zuzentzaileak.

Edu Lartzanguren.
2015eko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Goenkale-ko aktoreen ahotik atera diren hitzen inguruko azken erabakia hartu du Txilikuk urte luzeetan. Platoko gidoi arduradun eta zuzentzaile ibili da ia hamar urtez. «Gauza bat da gidoia etxean idaztea eta beste bat eszena grabatzea: agian, idatzitakoak ez du zentzurik estudioan, eta aldatu egin behar da».

Goenkale-ko lan baldintzak okertzen ikusi duzu hamar urtean. Nola izan da prozesu hori?

Urtez urte aurrekontua murriztuz joan da. Iaz eta aurten ez da zuzentzailerik egon. Elkarrizketak zuzentzeko aukera bakarra platoan bertan zegoen. Eta estudiotik kanpo eginiko grabaketetan zuzentzailerik gabe egin dira azken hiruzpalau urteotan. Hasierako urteetan neu joaten nintzen, eta Mirari Garciak hartzen zuen platoko lana.

Zer garrantzi zuen zuzentzailearen lanak telesailean?

Hizkuntzaren musikaltasuna eta jatortasuna zaintzen genituen, azentu txarrak, euskarari ez dagozkion doinuak... Esaterako:Kandido pertsonaiari deitu behar zaionean, zaintzea azentua azken silaban jartzen dela, Kandidó, alegia, eskerrik askó, ez eta eskerrik ásko. Hau da, belarrira minik egin ez dezan. Hikakoak eta zukakoak, adibidez, lortu genuen testuetan ondo idaztea, baina gero aktoreak, agian, ez zekien hikaz egiten. Erregistroa zaindu dugu, aktore batek noiz eta norekin egin behar zuen erregistro jasoan edo hika zein zuka.

Zuek moldaturiko ia milioi bat elkarrizketa eta 13 milioi hitz baino gehiago euskara ikertzeko testu corpusean bildu du EHUk. Goenkale ahozko euskara txukunaren erreferentzia izan da jendearentzat?

Bai, bikoizketarik ez dagoenez, ez dagoelako beste fikziorik erregistro guztiak bilduko dituenik. Gizartearen ispilu on bat da. Bikoizketan urte piloa egin dut, eta ez da inoiz ezarritako irizpiderik egon. Goenkale-n, behintzat, bai. Ahalegindu gara gazteen arteko hizkuntza bat egiten, helduen arteko hainbat molde, Iparraldekoak, nafarrak, gipuzkoarrak eta bizkaitarrak... Hizkuntza nazionala egiten saiatu gara beti. EITBk ez dauka estilo libururik, orduan ez daukagu erreferenterik.

Horretan ere, orduan, hutsune handia utziko du Goenkale telesailak?

Hutsunea ikaragarria da. Orain ETB1eko parrila hutsik dago fikzioan, eta dagoen bakarra kendu egin dute. Ez dakit erabaki hori hartu duenak zer irizpide erabili duen horretarako. Parrila beteta dagoela balitz, fikzioa dagoela eta Goenkale-k funtzionatu ez duela... Bi fikzio lan iragarri dituzte, baina bat kentzerako besteek martxan egon behar zuten. Bat kendu beste batzuk egiteko, horrek ez du zentzurik, ez buru eta ez hankarik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.