Brebetan euskaraz eginiko proben kopiak Bordelera eraman dituzte

Brebeta euskaraz egitearen aldeko elkarretaratze bat, atzo, Donibane Lohizunen, kopiak Bordelera eraman ostean. BOB EDME.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2019ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Aste hastapenean, kolegioko azken urteko ikasleek brebeta pasatu zuten. Seaskako ikasleek euskaraz egin dute zientzietako azterketa, nahiz eta horretarako eskubidea ez dieten aitortzen. Baina, joan den urtean gertatu zen bezala, errektoretzak kopiak Bordelera eramateko «bahitu» ditu, hainbat irakaslek salatu dutenez. Elkarretaratzea egin zuten atzo goizean, Donibane Lohizuneko (Lapurdi) akademia ikuskaritzaren ordezkaritzaren egoitzan.

Goizean goiz auto bat etorri zen errektoregotzatik, azterketa zentro izan diren kolegioetara, euskarazko kopien eske. Hazparneko (Lapurdi) Ursuia kolegioan ere elkartu ziren guraso, irakasle zein ikasle zenbait. Donibane Lohizunen ere protesta egin zuten hamarnaka lagunek Frantziako Estatuaren joera salatzeko eta «brebeta euskaraz» aldarrikatzeko.

2017an, kolegioko erreformaren ondorioz, brebetari zientzien azterketa gehitu zioten. Ordura arte, frantsesa, historia-geografia eta matematika zeuden proban. Azken biak euskaraz egiteko eskubidea lortu zuten 1990eko hamarkadan. Zientzietako azterketa frantsesez egin behar izatea, beraz, «hautu politiko hutsa» dela salatu du Amaia Saez irakasleak. «Frantziako legeetan zerbait idatzia ez bada, debekatutzat jotzen dute», dio Edurne Manterolak, Ziburuko (Lapudi) kolegioaren zuzendariak.

Bazterketa linguistikoa

2017an, ikasleek kopiak euskaraz itzuli zituzten, eta euskara zekiten irakasleek egin zuten zuzenketa. Iaz, ordea, kopiak Paueko(Okzitania) errektoretzara eraman zituzten, frantsesdun ikuskariek zuzentzeko gisan, «zenbakiak kontuan hartuz bakarrik», Manterolak esplikatu duenez. Aurten ere ikasleek iazko egoera bera pairatuko dutelakoan daude irakasle eta gurasoak. 50 puntuatik 8ko batez bestekoa lortu zuten euskarazko kopiek, Frantziako Estatukoa 33koa zelarik. «Diskriminazio linguistikoa» dela azpimarratu du Gorka Arotxarren hezkuntza aholkulariak. Emaitzak atera, eta euskaraz zekiten irakasleek zuzendu zituzten berriz ere: 28ko batez bestekoa lortu zuten Seaskako ikasleek.

Egoera horren salatzeko, Sylvie Hiriart guraso eta irakasleak Hezkuntza Ministerioari idatzi dio: salatu du neurri «antipedagogiko eta ulertezina» dela, alabak «beti euskaraz» ikasi duelako. Ministroaren kabineteak erantzun dio bere alaba eta kolegioaren izena eskatuz. Hiriartek kolegioaren izena baizik ez dio eman, «badaezpada».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.