Urteurren zaila, baina ilusioa eta indarra gainezka

Olatz Azpirotz Larzabal.
Iruñea
2018ko abuztuaren 8a
00:00
Entzun
Maravillas gaztetxeak urte bat beteko du abuztuan. Urtebete pasatu da jada ehunka iruindarrek Rozalejo markesaren jauregia okupatu eta gaztetxe bihurtu zutenetik. Kaleratzearen mehatxua buru gainean dutela, Maravillasen lehenengo urteurrena ez da pentsatu zuten bezalakoa izango.

Maravillas gaztetxeko kideek ekitaldi eta jardunaldi ugari zituzten aurreikusita udarako, baina egoera berriak «zaildu» egin die «proiektua eta jardunaldiak aurrera eramatea», Ibai eta Garazi kideek adierazi dutenez —izenak asmatuak dira, afera judizialak tarteko izanda nahiago baitute benetakorik ez eman—.

Jardunaldiak, hitzaldiak, zinema saioak eta halakoak eten egin behar izan dituzte, «espazioaren defentsak kontzentrazio handia eskatzen duelako». Hala ere, gaztetxearen oinarrietako bat da auzokideekiko harremana, eta hori mantentzen eta lantzen jarraitzen dute, adierazi dutenez.

Egoera berria da Maravillas gaztetxearentzat, baina Ibaik eta Garazik ez dute zalantzarik: «Honek guztiak indartsuago egingo gaitu pertsonalki eta kolektiboki». Nabarmendu dute babesa eman dieten auzokideei, iruindarrei eta euskal herritarrei zor dietela indar hori.

Auzokoek babestuta

Izan ere, azken asteotan gaztetxeak jaso duen elkartasun uholdea azpimarratu dute Garazik eta Ibaik: «Auzolanetan, espazioaren hainbat eremutan, batzarretan, parte hartze handiagoa dago, kaleratzeko arriskua dela eta». Hala ere, gogoratu dute babes hori ez dela berria: ibilbide luze horretan, hasieratik, jendearengandik elkartasun handia jaso dute.

Auzokideek gaztetxeari elkartasun handia igorri diotela adierazteaz gain, nabarmendu dute bizilagunak auzolanetara joan direla, behin baino gehiagotan «zeozer behar izatekotan abisatzeko» esanez. Interes hori ikusita, gaztetxeko batzordeak erabaki bat hartu zuen: «Babesa eskaini nahi diguten horiekin guztiekin kontaktatu dugu, eta sare bat osatu dugu, espazioaren defentsa bermatzeko». Haien ustez, Maravillasek auzoan jaso duen berotasunaren arrazoia da gaztetxearen proiektua «beste auzo mota batera begira egotea».

Auzokideez gain, hainbat iruindarrek eta euskal herritarrek azaldutako konpromisoa ere nabarmendu dute. Garaziren eta Ibairen iritziz, «okupazioa berpizten» ari da Euskal Herrian, eta nabaria da ilusioa piztu dela horrekin. «Ilusio hori defendatzeko asmoa dugu», gaineratu dute. Jendeak Maravillas gaztetxera bertaratzen jarraituko du. Biek argi dute zergatik: «Jendeak sentitzen du espazio hau berea dela, eta defentsa horretan parte hartu nahi du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.