Eragileei egotzi diete enpresetako euskara planei entzungor egitea

Kontseiluak, ELAk eta LABek azaldu dute «urrats berriak» egingo dituztela planak negoziatzeko

Oihane Puertas Ramirez.
2022ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Lan eremua euskalduntzeko asmoz, 50 langiletik gorako enpresetan euskara planak negozia ditzaten nahi dute ELAk, LABek eta Euskalgintzaren Kontseiluak. Planak modu «normalizatuan» negoziatzeko orduan, baina, «ezezkoak» jaso dituztela azaldu zuten atzo, Bilbon egindako agerraldian. Besteak beste, salatu zuten CEN patronalak ez duela «gutxieneko interesik» agertu euskara planak sustatzeko. Horrekin batera, nabarmendu zuten«ulergaitza» iruditzen zaiela alderdi politikoek proposamena babesteko adostasunik lortu ez izana eta instituzioek «inolako babesik eta bultzadarik» adierazi ez izana.

ELAk, LABek eta Kontseiluak 2020ko azaroan aurkeztu zuten akordio proposamena, eta, ordutik, harreman sail «zabala» egin dute beste sindikatuekin, alderdiekin eta instituzioekin. Confebask patronalak, baina, otsailean uko egin zion planak negoziatzeari, eta, bi sindikatuek eta Kontseiluak adierazi zutenez, hartutako jarrera «ulertezina eta deitoragarria» iruditzen zaie.

Hori horrela, euren jarrerak berrikustera deitu zituzten gaur egunera arte elkarrizketatu dituzten eragileak; erakutsi duten «borondate eta konpromiso faltarekin» ez dutelako uste euskaraz lan egiteko eskubidea bermatzea posible izango denik. ELAk, LABek eta Kontseiluak adierazi zutenez, euskara planak Hego Euskal Herriko langileen erdiari eragingo lioke, eta enpresan euskararen normalizazio prozesua egituratzeko «urratsa» egiteko aukera emango lieke. Gainera, ohartarazi zuten garai «estrategikoa» dela eremu sozioekonomikoa euskalduntzeko, datozen bi hamarkadetan belaunaldi aldaketa gertatuko baita enpresetan.

Orain arte jasotako ezezkoak ikusirik, euskara planak negoziatzeko bidean «urrats berriak» egingo dituztela adierazi zuten, eta nabarmendu zuten hori lortzeko «bide berriak» aztertzen ari direla. Azaldu zutenez, CCOO sindikatuarekin eta Adegirekin hitz egindako aukera batzuk lantzen jarraitzeko asmoa dute. Horrez gain, Euskaraldiaren harira, enpresetan egitasmo horretan parte hartzeko «dinamika bateratua» martxan jartzeko aukerak lantzen ari dira, aurrerago enpresa horietan euskara planak sustatzeko helburuarekin. Horrela, lan munduaren euskalduntzean «hitzetatik ekintzetara» pasatzeko deia egin zieten eragile «guztiei».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.