Europak roaming gabe egingo du bere bidaia

Europako Batasuneko beste herrialderen batean oporretan, ikasten, negozio bidaian edo halakoetan zebilen herritarrak orain arte tarifa garestiagoa ordaintzen zuen egindako dei eta SMSengatik, eta jasotako datuengatik. Bihartik aurrera, etxean egongo balitz bezala ordainduko du.

CC0.
Irune Lasa - Lander Muñagorri
2017ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Ospakizun astea da honako hau Europako Batasunean. Eta ez da Erresuma Batuko bozen emaitzengatik, ez. Roamingarenak egin du, eta hori ospatu behar du bere herritarren mesedetan lanean ari dela aldarrikatzen duen egitura batek.Maltaren esku dagoen EBko lehendakaritzak herritarrei dei egin die sare sozialetan ospatzeko merkatu bakarrerako bidean erdietsitako lorpen atzemangarrienetakoa dena; euren esperientziak konta ditzatela #RoamingLikeAtHome eta #EURoaming traolak erabiliz.

Ez dira gutxi izango, ustekabean edota ezinbestean, telefono konpainiari dirutza ordaindu behar izan ziotenekoa gogoratuko dutenak. Ez zen zentzuzkoa, mundu konektatuan, sakelakoen aroan, gehiegizko prezioen ondorioz kontsumitzaileak telefonoaren erabilera mugatu behar izatea oporretan edo lan bidaian zeudenean. Baina bukatu da hori, neurri batean.

Hori bera uste du Jose Luis Segura EKA Euskadiko Kontsumitzaile Elkarteko eledunak ere: «Albiste bikaina da, baina baditu bere eragozpen txikiak». Eragozpen txiki horien artean daude EBko beste herrialde bateko tarifa merkeagoak ezin baliatzea.

Baina, batez ere, oraindik ere nazioarteko deiak izatea —hots, garestiagoak— nork bere estatutik EBko beste estatu batera egindako deiak. Horrek esan nahi du gainkostu bat izango dutela aurrerantzean ere Ipar Euskal Herritik Hego Euskal Herrira eta alderantziz egindako deiek, betiere deitzailea ez badago bidaian.

ZER DA ROAMINGA?





Beste herrialde baterako bidaian egindako dei eta SMSengatik eta jasotako datuengatik norbere telefono konpainiak ezarritako tarifa garestiagoari deitzen zitzaion roaming. Ingelesezko to roam aditzetik dator, bidaiatzea edo mugitzea, norabide oso zehatzik gabe. Azken hamar urteetan, EBk roamingaren tarifa merkatzera behartu ditu telefono konpainiak, eta bakan batzuek jada kendu dituzte.

ZER GERTATUKO DA BIHARTIK AURRERA?





EBko beste herrialde baterako bidaian ez da egongo halako tarifa berezirik; erabiltzaileak etxean egongo balitz bezala ordainduko ditu deiak eta jasoko dituen datuak. Hori bai, bidaiariari etxetik deitzen badiote, deitzailearentzat nazioarteko deia izango da, bainadeia jasotzen duenak ez du ezertxo ere ordaindu beharko. Bizitokia beste herrialde batera aldatuko balu, erabiltzaileak ezingo dio jatorrizko herriko tarifei eutsi.

ZEIN HERRIALDETAN DESAGERTUKO DA?





EBko 28 kideek kenduko dute roaminga. Hor sartzen da Erresuma Batua ere, baina ikusi beharko da zer gertatzen den brexit-a gauzatu ondoren. EBrekin batera, Europako Esparru Ekonomikoko hiru herrialdeetan ere desagertuko da —Islandia, Liechtenstein eta Norvegia—.

Hori bai, bada zerbait kontuan izan beharko dena Europa barnealdeko mugak zeharkatzean: berez, ez Andorran, ezta Suitzan ere ez da desagertuko roaminga. Beste herrialdeetan? Zenbait konpainiak roaminga ezabatu dute Suitza, Turkia eta Albanian. Bada AEBetara doazenei ere roaminga kendu dien konpainiaren bat.

ERABILTZAILEAK EZER BEREZIRIK EGIN BEHAR DU?





Kontratu bidezko lineetan roaming gabeko tarifak automatikoki ezarriko dira bihartik aurrera. Bezeroak ez du ezer egin behar. Aldiz, konpainiak behartuta daude aldaketa azaltzera bezeroari.

Aurretiazko ordainketako txartelen tarifetan, berriz, nazioartetik egindako dei eta datu eskaerak aktibatu egin beharko dira aurrerantzean ere. Kasu horretan gainera, gigabytearen prezioa 7,7 euro azpikoa bada (BEZik gabe), konpainiak aukera izan dezake errekargu bat ezartzeko datuen erabilerarengatik. Gomendioa da telefono konpainiari galdetzea horren berri.

MUGARIK JARRIKO DIOTE ERABILERARI?





Bezeroak etxean dituen muga eta tarifekin jarraituko du, betiere arrazoizko erabilera egiten badu; alegia betiere urtean denbora gehiago egiten badu jatorriko herrialdean bizitzen Batasuneko beste herrialdeetan baino. Seguraren arabera, horrekin saihestu nahi dute erabiltzaileak beste herrialde bateko konpainia baten tarifa merkeagoak kontratatzea, «roaming iraunkorra litzatekeena». Edonola ere, EKAko ordezkariaren ustez, «lehenago edo beranduago, tarifen bateratze bat etorriko da; agian ez da lortuko tarifa bakarra Europako Batasun osoarentzat, baina prezioak gero eta antzekoagoak izango direla pentsatzen dugu».

Bestalde, etxeko kontratuan datu mugagabeak edo oso-oso merkeak dituen erabiltzaileari datuak mugatu diezazkioke konpainiak EBko herrialde batean bidaian denean. Halakorik egitekotan, konpainiak jakinarazi egin beharko dio hori bezeroari. Aurretiazko ordainketako telefono deiak dituzten sakelakoetan datuak jasotzea kobratu egingo dezakete konpainiek.

NOLA KONTROLATUKO DUTE 'ARRAZOIZKO ERABILERA'?





Azken lau hilabeteetan egindako deiak kontrolatu ditzake konpainiak, eta ezer arraroa ikusten badu, erabiltzailearekin harremanetan jarriko da, hark frogatu dezan oraindik kontratuaren jatorrizko herrialdean duela bizitokia eta beste herrialde batean dagoela soilik oporretan, ikasten, edo negozio bidaian. Hamabost egunean bezeroak ezin badu halakorik frogatu, roaminga ezarriko zaio berriz: deietan gehienez 3,2 zentimo minutuko; zentimo bat SMS bakoitzeko eta 7,7 euro gigabyte bakoitzeko (BEZik gabeko prezioak). Errekargu horiek denborarekin apalduz joango dira.

Konpainiak derrigorrezkoa izango du bezeroari abisatzea roamingeko gainkostuak ezarriko zaizkiola.

«Azken finean, roaminga ez da erabat desagertuko», onartu du Segurak. «Zenbait egoera konplexu egongo dira. Adibidez, joan eta etorri ibiltzen diren garraiolarien kasua dago; edo asko bidaiatzen duen jendearen kasua». Herrialdetik kanpora hilabete batzuk egin behar dituen erabiltzailearentzako oinarrizko zenbait gomendio ditu EKAk: «Bere telefono konpainiaren oharra jasotzeko arriskua duen bezeroak agian hobe du herrialde berri horretako konpainiaren batekin egitea lan. Eta Europako Batasunetik kanpora badoa, bezeroarentzat onena bere telefono konpainiarekin hitz egitea da, zehazki jakiteko zenbat kobratuko dioten sakelakoa erabiltzeagatik».

BESTE PREZIOAK GARESTITUKO AL DIRA?





Arrisku hori badago, konpainiek tentazioa izan dezaketelako batetik galdutakoa beste alde batetik eskuratzeko. Europako Batzordeak ohartarazi du adi egongo dela horrelakorik gerta ez dadin. «Jada ikusi ditugu herrialdeko prezioak igotzeko joera batzuk. Horrek esan nahi du estatu bakoitzeko lehia arduradunek eta Europako Batzordeak berak gaia seriotasun osoz hartu beharko dugula», aitortu du Merkatu Digital Bakarrerako politiken arduradunak, Andrus Ansip komisarioak.

Herrialde batetik bestera kontrol horretan desberdintasun handiak egon daitezkeela susmatzen dute askok. Hau da, Europa hegoaldeko herrialdeetako konpainiekin eskuzabalago joka dezaketela tarifak igoz gero, turista gehiago jasotzen dituztenez, roamingaren desagerpenaren kostuaren zati handiagoa hartzen dutelako.

Kontrolak kontrol, Segura ez da fio: «Telefono konpainiek diru asko irabazi dute roamingari esker, eta, bankuekin gertatzen dena gertatuko da: batetik galdutako bestetik irabazten saiatuko dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.