Gasteizko etxegabe batzuek salatu dute «ukuiluratuta» eduki dituztela itxialdian

Itxialdia udalak jarritako kiroldegietan igaro duten 23 etxegabek arreta eskatu diete udaleko gizarte zerbitzuei. Udalaren jarrera kritikatu dute

Etxegabeentzat prestaturiko Lakuako frontoia. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
2020ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Izen-abizenez izenpeturiko ohar bat kaleratu dute Gasteizen bizi diren 23 etxegabek. Konfinamenduan bizi izandakoa azaldu eta salatu dute idatzian: bertzeak bertze, «ukuiluratuta», «pilatuta» eta «umiliatuta» eduki dituztela. Lehenik, Pio Baroja kiroldegi «lotsagarrian» eduki zituzten, eta, ondotik, Lakuako frontoi batean «ukuiluratuta, ganadua neguan bezala». Salatu dute bizi baldintza txarrak izan dituztela hiru hilabeteotan. Azaldu dutenez, askotariko egoerak daude haien artean: nazionalitate ezberdinetako jendea, arazo psikiatrikoak dituztenak, alkoholarekiko edota beste substantzia batzuekiko mendekotasunak dituztenak, «deserrotuak», langabeak eta «lan sistematik baztertutako» adinekoak...

Bizilagun batzuek iraindu ere egin dituzte, eta gogoratu dute, halaber, maiatzean emakume bat hil zela eurentzat egokituriko frontoian. Arazoak ere izan dituzte euren artean, baina azaldu dute jakin dutela moldatzen.

Arreta eskatu diete gizarte zerbitzuei. «Pandemiaren aurretik behar genuen gauza bera baino ez dugu behar: ondo artatuak izatea gure gizarte zerbitzuetan». Salatu dute, bide batez, hiru hilabete horietan Gasteizko Udalak aukera izan duela «jarraipen pertsonalizatua» egiteko, baina ez duela serioski egin.

Etxebizitza eskubidearen aldeko eta gizarte bazterkeriaren aurkako Gasteizko taldeak babesa agertu die, eta iragarri du uztailaren 3an kanpaldi bat egingo duela udaletxearen aurrean.

Kaleratzea Irunen

Irungo Harrera Sareak salatu duenez, haurdun dagoen emakumezko etorkin bat migratzaileentzako Irungo aterpetxetik (Gipuzkoa) kanporatu zuten herenegun gauean. Arrisku egoeran dauden pertsonak babesteko neurriak eskatu ditu Harrera Sareak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.