Verterrek gaitzetsi egin du erantzukizun guztia berari «esklusiboki» egotzi izana

Zaldibarko zabortegiaren jabeak «zorroztasun handiagoa» eskatu dio Eusko Jaurlaritzari ingurumen kalteen ebazpena egiteko orduan

Hondeamakina bat zabortegian lanean. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Igor Susaeta.
2021eko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzarentzat, Verter Recycling 2002 SM da Zaldibarko zabortegiak (Bizkaia) eragindako ingurumen kalteen erantzulea. Horixe jakinarazi zuen asteazkenean. Instalazioa kudeatzen duen enpresak erantzun dio, ordea, «gaitzetsi» egiten duela «erantzukizun guztia esklusiboki enpresari egozteko erabakia». Ohar bat kaleratu zuen atzo, eta nabarmendu «inplikatutako» beste eragile batzuk ere «erantzule» izan litezkeela. Enpresak ez ditu beste eragile horiek izendatu, baina ondorioztatu daiteke bat Jaurlaritza bera dela, aintzat hartuta azken hilabeteotan hainbat ahotsek salatu dutela administrazioaren kontrol falta zabortegiaren egitekoa zaintzeko orduan.

Verterren arabera, «prozedura berme egokirik gabe» ebatzi du Jaurlaritzak enpresa dela eremuko lurzoruetan eta azaleko eta lurpeko uretan sortutako «kalte esanguratsuen» erantzulea. Gisa horretako «balorazioak» egiteko garaian «zorroztasun handiagoa» izateko eta «gertakari objektiboetan» oinarritzeko eskatu dio Jaurlaritzari.

Ingurumen Erantzukizuneko Legearen markoa kontuan hartuta, enpresari iruditzen zaio ez direla betetzen «beharrezko lege baldintzak» ebazpenean jasotako erantzukizunak leporatzeko.

Hamar eguneko epea —beste bost egunez luzatzea eska daiteke— eman dio Jaurlaritzak enpresari «ingurumen kalteak konpontzeko» proiektua aurkeztu dezan. Verterren ustez, «harrigarria» da epe hori ematea, «jakinik zabortegiaren ingurua lehengoratzeko plan bat prestatzeak zer-nolako lana eskatzen duen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.