IRITZIA

Aspaldi hasi da finala

Endika Barrenetxea
2020ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Finalerdiaren itxura hartzen diot finalari: estu joango da 20. tantora arte, eta hortxe hautsiko da partida, bietako batek behera egingo baitu. Aritz Juaneneari pasatu zitzaion Endika Urrutiren aurka, baina oraingoan hari gerta dakioke. Zergatik hari eta ez Urrizari? Bada, Urriza oso ohituta dagoelako halako partida handiak jokatzera. Bederatzigarren aldiz jarraian ariko da finalean, eta horrek sekulako eskarmentua ematen du. Asko ikasten da: noiz estutu, noiz lasaitu... Nerbio festa izan ohi da, eta hori kudeatzen jakin behar da. Urrizak badaki. Endikak, aldiz, ez du esperientziarik halakoetan. Hark ere badu presioa, Urrizak baino gutxiago, hura baita faboritoa, baina final bat jokatzeak eragiten duenari egin beharko dio aurre.

Finala ez baita frontoian hasten, aurretik baizik: elkarrizketa mordoa ematen dituzu aste barruan, nerbio festa izan ohi duzu tripan, gertukoak dituzu gainean... Eta hori guztia eramaten jakin behar da. Hain zuzen, hori guztia sufritu nuen nik finala jokatu nuen lehen aldian [30-21 galdu zuen Urrizaren aurka, 2016an]. Bigarren aldian, aldiz, askoz lasaiago aritu nintzen, ezagutzen bainuen finalaren protokoloa [30-27 irabazi zion Urrizari, iaz]. Horregatik, uste dut Endikari kosta egingo zaiola partidan sartzea. Izerdia bota eta lasaitu arte ez da gustura ariko. Hala ere, Urrizari eusteko moduan dago, teknika landua baitu, eta tantoa amaitzeko gaitasuna. Erne kale edo bale jokatzearen alde egiten badu eta asmatzen hasten baldin bada! Ea final ederra izaten den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.