Makilaka, irri artean

Makil dantza plazaratuko dute gaur Ribaforadan. Antzerkia eta dantza uztartzen dituen generoa da, herriko bestetako ekitaldi nagusia

Iker Tubia.
Iruñea
2018ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Egurrik ez da faltako gaur iluntzean Ribaforadan (Nafarroa). Egurrezko makilak eskuan igoko dira oholtzara dantzariak, eta egurra banatzeko asmoz agertuko dira herri antzerkiko pertsonaiak. Erriberako kultur adierazgarririk bereziena dira makil dantzak, dantza eta satira uztartzen dituen generoa. Udako bestetan herri askotan egin dituzte dagoeneko, eta, gaur, Ribaforadak hartuko du lekukoa.

Inguruan egiten diren gainerako makil dantzetatik gehien bereizten duena, antzerkiaren zatia da Ribaforadan. Azken urteetan beste ukitu bat eman diote, tradiziotik pixka bat aldendu, eta beste bide bat hartu dute eszenografiari, argiei eta musikari dagokienez. Mass mediek zabaltzen dituzten kultur erreferentziak ohiko bihurtu dituzte ikuskizunean.

Berrikuntzak gorabehera, Ribaforadan ez dituzte tradiziozko elementuak ahantzi. Urtero bezala, dantzariek San Bartolomeren omenezko dantzak eskainiko dituzte. Haietako asko makilekin badira ere, uztaiekin eta zintekin ere ariko dira, eta giza dorrearekin itxiko dute emanaldia. Dantzariek Erriberako makil dantzetako jantzi tradizionala eramanen dute soinean.

Baina Xabierko Frantzisko plaza lepo betetzen bada, herri antzerkiarengatik da. Artzaina, nagusia, deabrua eta aingerua dira antzerkiko pertsonaiak, eta haiek arduratzen dira umoreaz eta satiraz. Ongiaren eta gaizkiaren arteko borroka antzeztuko dute, herriko txutxu-mutxuak plazaratu, eta haiek arduratuko dira kritika sozial eta politiko garratza egiteaz.

Gaurkoa ez da makil dantza ikusteko azken aukera. Cortesen irailaren 29an eginen dute, eta Ablitasen, urriaren 6an.

Makil dantza

Gaur, 23:00etan, Ribaforadan (Nafarroa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.