Ez da ardorik faltako

Nafarroako Mahats Bilketaren Besta ospatuko dute gaur eta bihar Erriberrin. Tomas Yerro literatura irakasleak irakurriko du pregoia

Iker Tubia.
Iruñea
2018ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Dagoeneko hasi da mahatsa biltzeko garaia, eta Nafarroan besta giroan emanen diote ongi etorria bilketari. Nafarroan Erriberri dute ardoaren hiriburutzat, eta hura da Nafarroako Mahats Bilketaren Besta ospatzeko tokia. Nafarroako sor-markako ardoa goraipatu eta zabaltzeko jardunaldiak eginen dituzte gaur eta bihar, Nafarroako Ardoaren Kofradiak antolatutako jardueren bidez.

Gaurkoa mokadutxoa izanen da. Arratsaldean, haur eta helduendako jarduerak antolatu dituzte. Helduek aukera izanen dute paseo gidatua egiteko Erriberriko karriketan barna, ardo kopa eskuan. Haurrek margotzeko tailerrak izanen dituzte: upelak eta haien aurpegiak margotuko dituzte. Kontzertuak ere izanen dira: Bruno eta Lorena flamenko-pop bikotea, eta Buffalo River Band taldea.

Dena den, besta nagusia bihar eginen dute. 11:30ean, harrera eginen diete udalean kofradiako kideei, eta eguerdian Karlos III.a plazara abiatuko dira. Han abiatuko da besta, Tomas Yerro Villanueva literatura irakasleak irakurriko duen pregoiarekin. «Ohorezko kofradea da, eta gure oso lagun ona», azaldu dute antolatzaileek. Ondotik, zilarrezko igitaitxoa saria eman, mahatsa zanpatzen hasi, eta mahats bilketaren dantza plazaratuko dute. Jotak ere kantatuko dituzte, eta lehenbiziko muztioa banatuko diete bertaratzen direnei.

Muztioa ez ezik, sor-markadun ardoa dastatzeko aukera ere izanen da, eta inguruko upategietarako bisita gidatuak eskainiko dituzte. Ekoizleek diotenez, uzta ona izan da aurtengoa; beraz, bestarekin argi utziko dute aurten ere ez dela ardorik faltako.

Mahats bilketaren besta

Gaur eta bihar,Erriberrin (Nafarroa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.