Gizartea, serieko hiltzaile

Ali Abbasi zuzendari irandarrak harridura eragin zuen Border filmarekin, eta, 'Holy spider' azken filmean, jainkoaren izenean prostitutak hiltzen zituen gizon baten kasua du oinarri

Zar Amir-Ebrahimi, Holy Spider filmeko protagonista. Kazetari baten rola jokatzen du. HOLY SPIDER.
Uxue Arzelus Lasa.
2023ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
2000 eta 2001 bitartean Saeed Hanaei irandarrak hamasei emakume erail zituen Mashhad hiri santuan. Prostitutak ziren, eta Hanaeik bere etxean itotzen zituen. Ez zen berrietan azaldu hamargarren emakumea erail zuen arte, baina benetan albiste bilakatu zena zera izan zen: hiltzailea harrapatu zutenean, azaldu zuen jainkoaren izenean egin zituela krimenak, puruak ez ziren emakumeak hiriko kaleetatik desagerrarazteko helburuarekin. Biztanleriaren parte handi batentzat, heroi bilakatu zen, eta, hilabeteetan, manifestazioak egin ziren errugabea zela aldarrikatzeko.

Ali Abbasi Teherango unibertsitatean ikasten zebilen erailketak gertatu zirenean, eta kasuak obsesionatu egin zuen. Urteak pasatu dira kasuari urrunetik begiratu eta istorioa kontatzeko hautua egin duen arte. Egun, Suedian bizi da zuzendaria, eta Irango Gobernuarekin hitz egin zuen filma herrialdean bertan grabatu ahal izateko. Malgua izateko asmoa erakutsi zuen, betiere zentsuraren aurkako jarrera argi utzita; baina ez zuen lortu agintarien baimenik, eta Jordanian egin zituen grabaketak.

Holy spider izenburua hiltzaileari jarri zioten izenetik dator: Spider killer deitu zioten, erailketetak azkarrak eta eraginkorrak zirelako. Rahimi kazetariaren ikuspuntutik kontatuko du istorioa Abbasik. Emakumezko kazetari hori Teherandik Mashhadera joango da eraildako prostituten kasuak aztertzera. Laster ohartuko da hango autoritateek eta prentsak ez dutela inongo presarik krimenak argitzeko.

Thrillerra eta epaiketa

Abbasiren filma bi zatitan banatzen da, eta bi estilo ezberdin erabili ditu horiek kontatzeko. Lehen zatia thriller bat da, askoren ustez David Fincherren zinemara hurbiltzen den pelikula noir klasiko bat. Zinemagile irandarrak lehen zati itogarria, zikina eta krudela osatu du, eta ikusleari ez dio aukerarik eman beste norabait begiratzeko: ikuslea hilketa guztien lekuko izango da, krimen horien bortizkeriaren testigu, eta izen-abizenak, istorio bat eta familia duten emakumeen aurpegiak erakutsiko dizkio zuzendariak. Bigarren zatia, berriz, epaiketa filmen eran kontatuta dago, hiltzailearen epaiketan oinarrituta. Abbasik filmaren zati hori erabiliko du istorioaren oinarrian dagoen matxismoa salatzeko eta sistema patriarkalaren kritika egiteko.

Irango Kultura eta Gida Islamiarreko ministroak ez du inolaz ere goraipatu Abbasiren azken filma. Adierazi du iseka egin diela milioika musulmanen eta munduko xii biztanleriaren sinesmenei, eta jakinarazi du filmean parte hartu duen irandarrik bada, zigorra ezarriko diotela. Zuzendari irandarrak, ordea, argi esan du Holy spider ez dela Irango Gobernuaren edo erlijioaren aurkako kritika bat, ezta Irango emakumeen baldintzei buruzko erretratu bat ere. Istorioa hori baino zabalagoa dela errepikatu du, arreta gizarte dinamiketan jarri duela. Horrela, serieko hiltzaile baten istorioa kontatu ordez, serieko hiltzaile bilakatutako gizarte baten istorioa kontatu nahi izan du.

'HOLY SPIDER'
Zuzendaria: Ali Abbasi.
Gidoilariak: Ali Abbasi, Afshin Kamran Bahrami.
Aktoreak: Zar Amir-Ebrahimi, Mehdi Bajestani, Arash Ashtiani.
Generoa: Thrillerra.
Urtea: 2022.
Iraupena: 117 minutu.
Herrialdea: Danimarka.
Estreinaldia: urtarrilaren 13an estreinatuko da Hegoaldean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.