PROPOSAMENAK

Urre zuriaren festa

Jaitzeko gatzagen jaialdia asteburuan ospatuko da, gastronomia jarduera askorekin. Gatza lortzeko prozesuak milurtetako historia du

Iruñea
2019ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Jaitzen (Nafarroa) gatza da herriko altxorra. Erromatarren garaian hasi ziren hango gatzagekin; herritik 500 metro eskasera daude. Bizilagunen identitatearen parte dira. Horregatik, urtero, festa bat antolatzen dute udan: asteburu honetan, Gatzaren Jaialdia ospatuko dute, tradizioa eta gastronomia uztartzen dituzten jarduerekin.

Gaurko egitaraua batez ere herriari buruzkoa izango da. Goizean, 10:00etatik hasita, udalerriko ondare historikoaz disfrutatzeko ibilaldi gidatua egingo dute; beste alde batetik, gatz, ardo eta gazta dastatzeak izango dira. Igandean, aldiz, gatzagek hartuko dute lekukoa. Goizeko jardunaldia izango da ere, eta eskainiko dituzte, besteak beste, iturburu gazietako uretan bainatzeko aukera, haurrentzako ikastaroak, edota Nafarroako jatorrizko arkume dastatzea. Antolatzaileak Jaitzeko Udala eta Irantzuko Lurrak turismo erakundea dira.

Historia luzeko gatzak

Bi mila urte baino gehiago dute Jaitzeko gatzagek. Erromatarrek abiarazi zituzten; oraindik ere ikus daiteke garai hartako galtzada. Gaur egun, produkzio prozesu antzekoa mantendu dute Girones anaiek, jabeek. Hamabost zentimetroko sakonera duten igerilekuetan botatzen da ur gazia; lurruntzen utzi, eta, azkenik, gatza eskuz biltzen dute.

Mineralen purutasuna da Jaitzeko gatzagen berezitasuna. Duela 200 milioi urteko sedimentu batzuetik dator iturburuko uren gatza, bestelako elementu gehigarririk gabekoa. Gainera, artisau teknikak mantentzen dira, eta eguraldi baldintza ezberdinek hainbat gatz mota produzitzeko bidea ematen dute horrela.

Gatzaren Jaialdia



Gaur eta bihar, Jaitzeko (Nafarroa) gatzagetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.