PROPOSAMENAK

Ezohiko soinua elizan

Itxas Soinua musika jaialdia egingo dute bihartik igandera Lekeition. Kontzertuak izango dira gauero, Andre Mariaren Zeruratzea parrokian

2019ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Lekeitioko (Bizkaia) Andre Mariaren Zeruratzea parrokia musikaz beteko da datozen egunetan, Itxas Soinua musika jaialdiaren harira. 41. aldia izango du Itxas Soinua elkarteak antolatzen duen jaialdiak, eta hemengo eta hango musikariak etorriko dira Lekeitiora, bihar hasi eta igandera bitartean.

Giro eskandinaviarreko kontzertu batek emango dio hasiera jaialdiari, eta Lorenzo Sigurjon Freyrsson biolin jolea eta Ineke Hellingman piano jolea izango dira musikariak.

Ostegunean, Soinuaren bidaia emanaldia egingo dute. Garikoitz Mendizabal txistularia eta Alberto Urretxo tronboi jolea arituko dira soka laukotearekin batera, eta Toti Martinez de Lezea idazle eta kontalaria ere bertan egongo da.

Bilboko Orkestra Sinfonikoak ostiralean emango du kontzertua beste zenbait musikarirekin batera, eta, larunbatean, Dietrich Buxtehude konpositorearen Membra Jesu Nostri lana izango da entzungai. San Juan Bautista Koruak, Basilio Astulezek, Conductus Ensemblek eta Andoni Sierra musikariak hartuko dute parte kontzertuan.

Jaialdiari amaiera emateko, igandean, Juan Sebastian Elkano emanaldiaren txanda izango da. Txistua, biolina, ahotsa eta perkusioa nahastuta estilo barrokoko musikaz girotuko da eliza. Euskal Barrokensemble musika taldeak Enrike Solinisen zuzendaritzapean prestatutako proiektua da, eta, Euskal Herriko itsas nabigazioa ardatz hartuta, Elkano eta bere garaiko giroa islatzen ditu emanaldiak.

Kontzertu guztiak 22:00etan hasiko dira Lekeitioko Andre Mariaren Zeruratzea parrokian, eta sarrerak 21:00etatik aurrera egongo dira salgai basilikako sarreran.

Itsas Soinua musika jaialdia



Bihartik igandera, Lekeition (Bizkaia) .
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.