PROPOSAMENAK

Gurdia bete burdina

Meatzeen ondarea gogoratzeko, Burdinaren Eguna ospatuko dute bihar Urdazubin. Mineral horren segizioa antzeztuko dute bertan

June Romatet Ibarguren.
Donostia
2019ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Burdina Bizkaiko meategietatik Urdazubiko Salbatore Monasterioraino (Nafarroa) nola eramaten zuten gogoratzeko, Burdinaren XII. Eguna ospatuko dute bihar Urdazubin.

Biharko egitaraua 10:00etan hasiko da, artisau azoka batekin. Herriko plazan egongo dira azokako postuak. Ordu horretan irekiko dira haurrentzako jokoak, puzgarriak, itsasontziak eta beste joko ugari. Azoka eta haur jokoak 14:00ak arte izango dira. Horrez gain, bihar goizean Brun anaiek erakustaldi bat egingo dute burdinolan.

11:30ean hasiko da burdinaren bidea gogoratuko duen antzerkia, lehen idiek egiten zuten bide bera eginez. Hasteko, olagizonek burdina minerala eramango dute Axular baserritik herriko plazaraino, Salbatore monasteriora, idiek tiratako gurdi batean. 12:00ak inguruan, olagizonek burdinaren kalitatea aztertuko dute. Gero, kalitatearen arabera, abadeak erabakiko du zenbat urrezko txapon ordainduko dituen mineralaren truke, eta ordainketaren ostean amaituko da burdinaren bidearen antzerkia.

Goizeko ekitaldiak amaitu ondoren, 14:30ean, herri bazkaria egingo dute: zikiro jatea.

Arratsaldean, kontzertu bat egingo dute: 16:00etan hasiko da, eta Bankako Menditarrak eta Mariatxiak izango dira oholtza gainean. Kontzertua amaitu ondoren, frontoian jarraituko dute festa giroan. Erromeria batekin eta musika eta dantzekin amaituko dute eguna.

Egitarauaz gain, animazioak, musika eta erakustaldiak egongo dira egunean zehar. Bisitariek, gainera, monasterioa, kobazuloak eta errota bisitatzeko aukera izango dute, besteak beste.

Burdinaren eguna



Bihar, egun osoan,Urdazubin (Nafarroa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.